Skip to main content
Elia irudiaItzulpen automatikoa

Euskarazko plaza gehiago eta beka sistema propioa, Zirimolaren udako aisialdi eskaintzan

Helburua da haur eta gaztetxoek, egoera ekonomikoa edozein dela ere, euskaraz biziko diren uda esperientziak eskuragarri izatea, euskararen erabileran jauzia emateko aisialdia ere lehentasunezko eremu gisa kokatuz

Zirimola Ikastolen aisialdi taldeak uda honetarako euskarazko aisialdi eskaintza zabalago eta bidezkoagoa aurkeztu du, plaza gehiago eskainiz eta beka sistema propioa lehen aldiz martxan jarriz. Helburua da haur eta gaztetxoek, egoera ekonomikoa edozein dela ere, euskaraz biziko diren uda esperientziak eskuragarri izatea, euskararen biziberritzean jauzia emateko aisialdia ere lehentasunezko eremu gisa kokatuz. 

 

Aisialdia, euskararen erabilerarako eremu estrategikoa 

Euskararen egoerak neurri ausartak eskatzen ditu, eta Zirimolak pauso sendoa emango du uda honetan bere aisialdi eskaintzarako euskarazko plaza kopurua nabarmen haziz. Zehazki, iaz eskainitako 1.200 plazetatik 1.680 plazetara egingo du jauzi, euskarazko eskaintza %40 haziz. Aisialdia funtsezko eremu hezitzailea delako, eskolatik kanpo ere ume eta gaztetxoen eguneroko ohiturak eta harreman sareak euskaraz eraikitzen diren ala ez baldintzatzen duena.

Zirimolaren udako egitasmoetan –udaleku irekiak, egonaldiak, kirol jarduerak, gazte egonaldi eta topaketak… – programazio osoa euskaraz garatzen da, aisialdi hezitzaile, inklusibo eta euskalduna bermatzeko. Plaza kopurua handitzea ez da eskaintza kuantitatiboa soilik: ikastolen mugimenduak haur eta gazteen aisialdia ere euskararen normalizazio prozesuaren ardatz estrategiko gisa ulertzen du.

Beka sistema propioa: aukera berdintasuna euskarazko aisialdian

Uda honetatik aurrera, Zirimolak beka sistema propioa jarriko du martxan. Lehen urte honetan 50 plaza zaurgarritasun egoeran dauden haur eta gaztetxoentzat gordeko ditu. Errenta maila edozein dela ere euskarazko udaleku eta egonaldietan parte hartzeko aukera bermatzeko. 

Beka-sistemarako izen ematea otsailaren 4an irekiko da, eta hortik aurrerako epean jasoko dira eskabideak, martxoaren 4an zabalduko den izen emate orokorraren aurretik. Horri esker, familien egoera sozioekonomikoa aintzat hartu, laguntza banaketa bidezkoa egin eta, ondoren, udako udaleku eta egonaldietarako matrikulazio prozesua lasaitasun handiagoz egin ahal izango da.

Euskaraz, hezitzailea eta inklusiboa

2026ko udan, Zirimolak adin-tarte eta interes desberdinetara egokitutako udaleku irekiak eta itxiak eskainiko ditu, ikastola bakoitzean antolatutako egitarauetatik Arabar Errioxan, Lizarraldean edo kostaldeko herrietan egingo diren egonaldietaraino. Ekintza ludiko, kirol, kultural eta naturarekin loturiko jarduerek elkarbizitza, balioak eta euskararen erabilera naturala uztartzen dituzte, haur eta gazteen garapenean funtsezkoak diren esperientziak sortuz.

Informazio praktikoa eta udaleku bakoitzaren xehetasunak (adin tarteak, datak, kokapenak eta prezio orokorrak) ikastola bakoitzean eta Zirimolaren webgunean eskuratu daitezke, online izen ematea ere bertatik egiteaz gain.

Aisialdiko euskarazko plaza-kopurua handitzea eta beka sistema propioa martxan jartzea ikastolon apustu sendo bat da, euskarazko aisialdia tresna eraginkorra baita euskararen bizigarritasuna handitzeko eta gazte belaunaldiak euskaraz sozializatzeko.

Familiei gonbidapena luzatzen diegu otsailaren 4tik aurrera beka deialdia arretaz aztertu eta, behar izanez gero, eskaera aurkeztera, eta martxoaren 4tik aurrera udako izen emate orokorrean parte hartzera. Guztion artean, haur eta gaztetxo guztiek –baldintza ekonomikoak gorabehera– euskaraz gozatzeko eta ikasteko uda bat biziko dutela bermatzea dagokigu.

Aisialdi eskaintzaren eta beken inguruko informazio gehiago, baldintzak eta eskaera egiteko moduak laster argitaratuko dira Zirimolaren webgunean (www.zirimola.eus) eta ikastolen ohiko kanaletan.
 

Azken albisteak

Ehunka lagunek hartu dute parte, Baionan, Ikastolen mugimenduak deitutako manifestazioan
Besteak beste, helburu dute euskararen erabileran eragitea eta euskal kultura transmititzea
Euskaraz matrikulatzeko eskubidea ez da aukera estetiko bat, oinarrizko eskubide demokratikoa baizik