Larunbat honetan Baionan bildutako jendetza argazki indartsu bat baino gehiago izan da. Seaskaren deialdiarekin eta ikastolen sare osoaren babesarekin, ehunka lagunek —ikasle, irakasle, guraso eta euskaltzalek— adierazi dugu ez dugula onartuko Baxoa euskaraz egiteko eskubidea gauzatzeko aukera atzeratzea.
Manifestuaren hitzek ongi jaso zuten sentimendua: “Egun kexu gara. Zinez, kexu. Beste behin gure hizkuntza bigarren mailako hizkuntza bezala tratatua baita”. Etxepare Lizeoaren eta Seaskaren ikasleek ttipitik euskaraz egin dute ikasketa ibilbide osoa, eta 18 urte betetzear direnean, Parisetik esaten zaie Baxoko azterketa guztiak frantsesez egin beharko dituztela; baita 2020 arte euskaraz egitea posible zen Matematika eta Historia-Geografia probetan ere. Ikastolen mugimenduaren ustez, hau ez da “egokitzapen tekniko” baten ondorioa, baizik eta hizkuntza eskubideak urratzen dituen politika oso baten ondorio zuzena.
Duela bi aste eskas, Edouard Geffray Hezkuntza ministroak aitortu zuen, azkenean, Blanquer ministroaren Baxoaren erreformak hizkuntza gutxituak bazter utzi zituela, eta prest agertu zen zuzenketak aztertzeko, euskarak baxoan beren lekua izan dezan. Baina manifestuan gogorarazi zen moduan, “kaltea berehala konpondu ordez”, ministroak uda arteko gogoeta epe bat iragarri du, 2027tik aurrera zer egin erabakitzeko; kasurik onenean, aldaketak 2028ko baxoan sentituko lirateke. Ikastolen mugimenduarentzat, hori da arazo nagusia: gaurko ikasleei —2026an eta 2027an Baxoa pasako dutenei— atea itxita uztea, “gero” abstraktu baten izenean.
Are gehiago, bitartean, atzera ere egin da: heldu den ekainean gehituko den Matematikako proba osorik frantsesez izanen dela iragarri da, nahiz eta aginduak ez duen azterketaren hizkuntza zehazten eta irakasle euskaldun nahikoa ere baden zuzenketa elebiduna bermatzeko. Manifestuak galdera garbia egin zuen: “Non da hor logika? Non da pedagogia?”. Ikastolen ikuspegitik, ministerioaren diskurtsoak —borondate ona, lan egutegia, 2027ra begira…— sinesgarritasuna galtzen du erabaki errealak kontrako norabidean doazenean.
Iragan maiatz-ekaineko kontuak ere ez dira ahaztu. Bordeleko errektore berriak, Jean-Marc Huart-ek, hitz baikorrak egin zituen Danborrada erraldoiaren biharamunean, baina praktikan, 2025eko ekainean dozenaka ikaslek ezin izan zuten Ahozko Handia euskaraz pasatu, 2024an ez bezala, nahita ez baitziren irakasle euskaldunak zuzenketara deitu. Horrek argi erakusten du, ikastolen mugimenduaren ustez, ez dela nahikoa deklarazioekin; neurri antolatuak behar dira, eta horregatik jarri da fokua berehala egin daitezkeen pausoetan.
Matematika eta Ahozko Handia
Manifestuan gogorarazi zen punturik garrantzitsuenetako bat hori da: lehen mailako ikasleek 2026ko ekainean egingo duten Matematikako lehen azterketa 2027ko baxoaren probetako bat da; hortaz, aldaketa 2027ko baxoan izan dadin, aurten bertan hasi behar da, lehen mailako matematikako proba euskaraz egitea ahalbidetuz. Seaskaren eta ikastolen mugimenduaren mezua zehatza da: borondate ona baldin badago, aurten bertan behar da euskaraz egiteko parada eman, bai Leheneko ikasleei Matematikan, bai Terminaleko ikasleei Ahozko Handian. Ez da arazo juridikorik ez teknikorik, ezta diru faltarik ere; borondate politikoa baino ez da falta.
Baionako mobilizazioa, hala, ez da Baxoaren auzi isolatuaren inguruko protesta izan. Manifestuak lotura zuzena egin zuen azken hilabeteotan Ipar Euskal Herrian euskararen aurka hartu diren neurri eta jarrerarekin: Euskararen Erakunde Publikoaren eta Euskal Kultur Erakundearen baliabide murrizketak, epaitegietan euskaraz mintzatzeko debekuak, euskal hedabideen finantzaketari buruzko mehatxuak… politika hori “lenguizida” dela salatu dugu, eta argitu: hori esatea ez dela Errepublikaren aurka hitz egitea, baizik eta gure mintzairari kalte egiten dioten neurriak salatzea.
Ikastolen mugimenduaren ikuspegitik, “Lenguizida” hitzak ondo biltzen du bizi den egoera: hizkuntza eskubideak mugatzen dira, azterketak frantsesez inposatzen, euskal kulturaren aldeko baliabideak murrizten, euskarazko hedabideei diru-laguntzak estutzen eta, gainera, epaitegietan euskara debekatzen zaie herritarrei. Horren aurrean, mintzaldian mezu argia plazaratu zen: “Euskararen kontrako politika ororen aitzinean xutituko gara”. Ikastolen sareak —Seaskak, Euskal Herriko Ikastolak eta herri eta auzoetako ikastola bakoitzak— konpromisoa berritu du borroka horretan.
Elkarrizketari atea zabalik
Hala ere, manifestuak atea zabalik utzi zion elkarrizketari. Seaskak eta ikastolen mugimenduak gogorarazi genuen beti izan garela elkarrizketaren aldeko, baina neurri zapaltzaileak inposatzen zaizkugalarik badakigula kalera ateratzen eta mobilizatzen. Ministerioan berriz ere hartuak izatea eskatu dugu, eta galdatu dugu sor daitezkeen aldaketak ez daitezela, beste behin, hizkuntza gutxituen bizkar egin. Baionako eguna, testuaren hitzetan, “lehen mobilizazio bat” izan da; ikastolen mugimendutik argi ikusten dugu antolatuta jarraitu behar dugula , aurten azterketak, euskaraz ere izatea erdiesteko.
Ikastolon ikuspegitik, Baionan bizitakoa ez da soilik Ipar Euskal Herriko lizeo baten auzia; Euskal Herriko hezkuntza eredua bera dago mahai gainean. Ikastolok haurrak ttipitik hezten ditugu euskaraz, eta haurrak gazte bilakatzen direnean, azterketak beren ama hizkuntzan egitea exijitzen dugu, hezkuntza ibilbide osoaren koherentziagatik eta duintasunagatik. Horregatik, Baionako karriketatik zabaldutako oihuak —“Baxoa euskaraz! Euskarari trabarik ez!”— ez dira hango ikasleen aldeko aldarri hutsa, baizik eta ikastolen sare osoaren konpromisoaren adierazpen berritu bat.