Ikastolen Elkartea sarean antolatutako mugimendua da.
Euskal Herri osoko ikastolek eta Lurralde Batzarrek Elkartea bera osatzen dute, tokian tokiko indarra eta ikuspegi orokorra uztartuz.
Egitura horren bidez, ikastola bakoitzaren ahotsa eta indarra uztartzen dira, hezkuntza euskaldunaren aldeko proiektu komun batean.
Ikastolak
Oinarrian, ikastolak daude: herrietan eta auzoetan errotutako proiektu autonomoak, komunitate bakoitzaren beharrei erantzuten dietenak. Ikastola bakoitzak Artezkaritza Kontseilua du, komunitatearen ordezkaritza-organoa, non gurasoek elkarrekin erabakitzen duten proiektuaren norabidea eta kudeaketa nagusiak.
Lurralde batzarrak
Ikastola horiek, elkarrekin, lurralde Batzarretan biltzen dira —Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa eta Iparralde—, esperientziak partekatu eta lan komunak koordinatzeko. Lurralde horretako ikastola guztietako ordezkariek osatzen dute lurralde batzarra, sarearen koordinazioa eta ordezkaritza demokratikoa bermatuz. Lurralde Batzar bakoitzak bere Lehendakaria du, federazio horretako lana eta ordezkaritza gidatzeko ardura duena.
Ikastolen Elkarteko artezkaritza kontseilua
Aldi berean Lurralde Batzar bakoitzeko hiru ordezkari hautatzen dira Ikastolen Elkarteko Artezkaritza Kontseilua osatzeko.
Kontseilu hau da sarearen gobernu eta ordezkaritza organo nagusia, eta lurralde guztien ahotsa eta ikuspegia biltzen ditu. Artezkaritza Kontseiluko kideetako batek hartzen du Ikastolen Elkarteko Lehendakariaren ardura, eta bere egitekoa da mugimendu osoaren lana ordezkatu eta gidatzea, ikuspegi partekatu eta kolektibo batetik.
Egitura horren bidez, ikastola bakoitzaren ahotsa eta indarra uztartzen dira, hezkuntza euskaldunaren aldeko proiektu komun batean.