Gaur, Euskalgintzaren Kontseiluak Nafarroan aurkeztu duen “Matrikulatu euskaraz” kanpainaren agerraldian parte hartu dugu Ikastolok, hezkuntza eta euskalgintzako hainbat eragilerekin eta sindikaturekin batera, eta gure babesa eta konpromisoa adierazi ditugu, bai kanpainarekin, bai bertan plazaratu diren norabide politiko eta sozialekin. Ikastolok urte luzez egindako ibilbidea gogorarazi nahi dugu: euskarazko hezkuntza murgiltze-ereduan eta komunitatearen konpromisoan oinarrituta, milaka haur eta gazteren hizkuntza-eskubideak egunerokoan gauzatzen ditugu.
Euskaraz matrikulatzeko eskubidea ez da aukera estetiko bat, oinarrizko eskubide demokratikoa baizik. Horregatik, Nafarroako herritar guztiei egin nahi diegu dei, bereziki gurasoei: matrikulazio garaian euskarazko ibilbidea hautatzea ez da soilik seme-alaben hizkuntza gaitasunean pentsatzea, baizik eta herri honen etorkizun berdinzale eta askeari ekarpena egitea.
Gaurko agerraldian nabarmendu den bezala, Nafarroako gaur egungo hizkuntza-legeek eta dekretuek oraindik ere bereizkeria eragiten dute herritarren artean, bizi diren eremuaren eta hautatutako hizkuntza-ereduaren arabera. Ikastolen ikuspegitik, onartezina da Nafarroako haur guztiek ez izatea euskaraz ikasteko aukera berdinak, eta administrazioek ez bermatzea euskarazko eskaintza sendo, irisgarri eta kalitatezkoa lurralde osoan.
Ikastolak sare eraldatzaile eta euskaldun gisa aurkezten gara: gure eguneroko jardunean euskara da hezkuntza-hizkuntza, komunitatea da oinarria, eta inklusioa eta gizarte-kohesioa dira ardatzak. Horregatik, Nafarroan ere honako hauek eskatzen ditugu:
- Nafarroa osoan euskarazko irakaskuntza-eskaintza zabaldu eta sendotzea, murgiltze-eredu eraginkorrak lehenetsiz.
- Euskaraz ikasteko eskubidea bermatuko duen lege- eta dekretu-markoa aldatzea, gaur egungo murrizketak eta bereizkeriak gaindituz.
- Ikastolok egiten dugun lana aitortu eta baliabide bidezkoak ematea, finantzaketaren eta plazen planifikazioaren bidez, eta ratioak eskola publikoarenarekin parekatuz.
Gaurko agerraldian Kontseiluak plazaratu duen mezua gure egiten dugu: euskaraz bizitzeko nahia eta eskubidea benetan erdigunean jarriko duen Nafarroa behar dugu. Bide horretan, ikastolak prest gaude gure egitekoa betetzen jarraitzeko, herri ekimenetik, komunitatearekin eta gainerako eragileekin elkarlanean.
Hau da irakurri dugun ADIERAZPENA
Nafarroako euskalgintzaren eta hezkuntza komunitatearen ordezkaritza askotarikoa –hau da, Nafarroako gizartearen ordezkaritza zabala– elkartu gara gaur hemen zuen seme-alabak eskolaratzeko unean zaudeten gurasoei euskarazko ereduetan matrikulatu ditzazuela eskatzeko.
Izan ere, haurrei euskara ematea haietako bakoitza pertsona eta herritar gisa aberastea da: kultur unibertso oso baterako atea irekitzea, eleaniztasunerako gaitasuna indartzea, Nafarroako berezko hizkuntzaren jabe egitea, etorkizunean herritar osoagoa izateko bidea eskaintzea… Euskarazko ereduek euskara, gaztelania eta hizkuntza gehiagoren jabe izango diren ikasleak sortzen dituzte; harremanak zabaltzeko bidea ematen dute, trebakuntza eta aukera profesionalak areagotzeko modua dira, garapen pertsonalean sakontzekoa. Nafarroaren osotasuna jasotzeko giltza. Azken batean, euskarazko ereduek etorkizuneko ateak eta aukera berriak irekitzen dizkiete haurrei.
Baina baita ere egungo umeei euskara ematea gizarte gisa dugun amankomuneko etorkizuna hobetzeko bidea da: hasteko, kinka larrian den euskarari, Nafarroako berezko hizkuntzari, etorkizuna bermatzea, Pizkunde berri baterako hazia landatzea. Era berean, nafar guztien hizkuntza-eskubideak errespetatzeko eta betetzeko oinarriak jartzea. Hizkuntzen auzia arrakalarako bide izan dadin eragotzi eta gizarte kohesioa indartzeko modua, justizia sozialean aurrera egitekoa, eta, beraz, bizikidetzan eta demokratizazioan sakontzekoa. Ez dezagun ahaztu azken ikerketen arabera Nafarroan handia dela euskararen normalizazioaren aldeko adostasun soziala.
Horrenbestez, gure seme-alabei euskara ematea etorkizun hobe hori elikatzea da. Are eta gehiago gaur egun mundu osoan nagusitzen ari den testuinguru bortitzean. Izan ere, indartzen ari den olatu erreakzionarioaren parte da beste hainbat kolektibo zapalduren aurka bezala hizkuntza minorizatuen eta hiztun komunitate minorizatuen aurka egitea. Olatu erreakzionario hori hizkuntza hegemonikoak indartzera dator, beste supremazismo batzuekin batera hizkuntza supremazismoa sendotzera. Olatu horren aurka egiteko tresna indartsua dugu euskara: tokikoaren, komunitatearen, aniztasunaren, askatasunaren, justiziaren eta bizikidetzaren alde egitea den heinean. Gure seme-alabei euskara ematea mundu bizigarriago baten alde egitea da.
Hau guztia esanik, ez dugu ahaztu nahi, zoritxarrez, oraindik ere, Nafarroako leku askotan seme-alabei euskara emateko hautua egitea zailtasunez beteriko bide bat dela gurasoentzat eta zenbait herri eta ikastetxetan ez da euskarazko ereduez informatzen edo familiak baldintzatzen saiatzen dira. Horregatik, dei berezi bat egin nahi diogu Nafarroako Gobernuari, eta zehazki Hezkuntza Departamentuari, euskarazko ereduei bide emateko trabak ezarri ordez erraztasunak eskaini, eta, are, euskarazko ereduen bultzatzaile izan dadin ikasle nafar guztiek euskararen oinarrizko ezagutza eskuratzea bermatua izan dezaten. Halaber, eskaera indar politikoei euskarazko ereduen eskaintza aldian aldiko negoziazio politikoetatik atera eta Nafarroako hezkuntza sistemak berak proposatu eta bultzatutako egiturazko aukera izan dadin.
Baina matrikulazioa abiatzear den honetan, gonbidapen berezia gurasoei: eman euskara zuen ondorengoei, haietako bakoitzaren etorkizun eta ongizate pertsonalaren alde, jakina. Eta, aldi berean, etorkizuneko Nafarroa eta mundu hobe baten alde.
Matrikulatu euskaraz, etorkizuna hazi euskaraz!