Skip to main content
Elia irudiaItzulpen automatikoa

Lanbide heziketako sail berri bat irekiko du Seaskak, irailean

Arta lanetan trebatuko dituzte ikasleak Bernat Etxepare Lizeoan, Ipar Euskal Herriko hainbat gizarte egiturarekin elkarlanean

Seaskak jakinarazi du 2026ko irailetik aurrera ARTA–ASSP (pertsonentzako arta eta zerbitzuei loturiko baxo profesionala) sail berria zabalduko dela Baionako Bernat Etxepare Lizeoan. Erabakia Akitania Berriko eskualdeak otsailaren 2an onartu zuen 2026ko formakuntza karten bidez, eta Seaskaren ustez, azken urteotan egindako lanaren aitortza da.

Seaskaren arabera, ARTA sailaren irekiera ez da neurri isolatua, lanbide heziketaren inguruko gogoeta orokor baten emaitza baizik. Gaur egun, Bernat Etxepare Lizeoak batxilergo orokorra eta teknologikoa eskaintzeaz gain, bi baxo profesional ditu martxan: AHA (adinekoen eta haurren animazioa) eta Merkataritza eta Salmentako Lanbideak. Etorkizun hurbilean, Seaskaren bi lizeoek –Baionakoak eta Nafarroa Beherean kokatuko den bigarrenak– gizartearen jarduera nagusien bost ardatzetan (pertsona, lurra, ekoizpena, kultura eta kudeaketa) formakuntza osagarriak ematea dute helburu, eta ARTA sail berria “pertsonari emandako zerbitzuen” arloan kokatzen da.

Seaskak azpimarratu du ARTA baxo profesional berria funtsezkoa izango dela Ipar Euskal Herrian profesional euskaldunak formatzeko. Lehen haurtzaroko arretan eta pertsonentzako arta eta zerbitzuen sektorean –EHPAD egoitzetan, gizarte zerbitzuetan, etxez etxeko laguntza elkarteetan, haurtzaindegietan eta harrera anitzeko guneetan– euskaraz lan egiteko gai diren langileen beharra handitzen ari dela gogorarazi dute, eta joera hori datozen urteetan areagotuko dela aurreikusten da. ARTA sailean, hiru ikasturtetan zehar, ikasleek adinekoei, desgaitasun egoeran dauden haur eta helduei, zein haur eta gazteei zuzendutako arta teknikoak ikasiko dituzte, baita arta arloko egitura ezberdinek nola funtzionatzen duten eta osagarri‑heziketa jarduerak nola diseinatu eta garatu ere.

Eragile sozial eta ekonomikoekin elkarlanean

Formakuntzaren ezaugarri nagusietako bat izango da lurraldeko eragile sozial eta ekonomikoekin egingo den elkarlana. Seaskak jakinarazi du dagoeneko hainbat egitura prest agertu direla ikasleak praktiketan hartzeko eta formazio prozesuan bidelagun izateko: Donapaleuko Adin Ederra, Iholdiko Goxa Leku eta Isturitzeko Pausa Leku biltzen dituen AAPAVA elkartea, Konkolotx haurtzaindegi sareak, Hendaiako eta Hiriburuko gizarte ekintzarako zentroak, eta Euskal Hirigune Elkargoaren gizarte eta haurtzaintza zerbitzuak, besteak beste. Horrela, ARTA saila ikastetxearen eta lurraldeko sare soziosanitarioaren arteko zubi izango da, bi aldeek irabazten duten elkarlan eredua indartuz.

Eskaintza berriak jarraipen natural bat ere eskaintzen die ikasleei: ARTA baxo profesionala amaitutakoan, erizain laguntzaile eta haurtzain erizain laguntzaile eskoletan sartzeko bidea errazagoa izango dute, hainbat modulu aitortuak izanik. Seaskak nabarmendu du Amikuze aldeko IFAS eskolak bere interesa agertu duela, eta horrek erakusten duela euskaraz formatutako profil horien beharra erreala eta premiazkoa dela.

Seaskaren hitzetan, ARTA sailaren irekierak bi mezu nagusi biltzen ditu: batetik, Ipar Euskal Herriko gazteei euskaraz ikasi eta lan egiteko aukera berriak zabaltzen dizkiela, eta bestetik, lurraldearen kohesioan eta zaintza‑eredu duinago baten eraikuntzan ikastolen sareak egin nahi duen ekarpena berresten duela.
 

Azken albisteak

Bi kooperatiben arteko akordioak telekomunikazio zerbitzuen kudeaketa arduratsua, gardena eta euskal herritarren esku egongo den eredua indartu nahi du
Beka eskatzeko epea otsailaren 4an ireki da, eta izen emate orokorra martxoaren 4an irekiko da
Ehunka lagunek hartu dute parte, Baionan, Ikastolen mugimenduak deitutako manifestazioan