Skip to main content
Elia irudiaItzulpen automatikoa

Giro bikaina eta jendetza, Nafarroa Oinezen

Ikastolek duten zerbitzu publikorako bokazioa eta euskarari ematen dioten bultzada azpimarratu dute ikastoletako ordezkariek


Gaur goizeko 10:00etan eman diote hasiera Nafarroa Oinezi, ekitaldi instituzional batekin. 180 lagunek baino gehiagok hartu dute parte ekitaldian, eta Paz de Ziganda Ikastolak antolatutako festaren ibilbideari hasiera emateko balio izan du.
Atarrabiara hurbildu dira, besteak beste, Unai Uhalde Nafarroako Parlamentuko presidentea, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko bigarren presidenteordea, Uxue Barkos Nafarroako senataria, Mikel Oteiza Atarrabiako alkatea, Alfredo Arruiz Uharteko alkatea eta Berta Arizkun Burlatako alkatea.

Hainbat erakundek ere ordezkaritza izan dute; tartean, Nafarroako Ikastolen Elkarteak (NIE), EHIk, Nafarroako Eskola Kontseiluak, Euskaltzaindiak, Eusko Ikaskuntzak, Euskararen Kontseiluak, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak, Topaguneak, AEK-k, IKAk, Iruñerriko Mankomunitateak, Errigorak, Bertsozaleen Elkarteak edo Euskal Idazleen Elkarteak.

Oier Sanjurjo NIEko lehendakariak eta Maider Nuin Paz de Ziganda Ikastolako lehendakariak parte hartu dute ekitaldian, eta biek azpimarratu dute ikastolen papera eta jai honen garrantzia. Oier Sanjurjok ikastolek duten zerbitzu publikorako bokazioa eta euskarari ematen dioten bultzada nabarmendu ditu. «Ikastolak euskal komunitatearen oinarrizko behar bati erantzuteko sortu ziren, eta gaur ere, helburu horretan dihardugu. Herritarrei zerbitzua eskaintzea da ikastolon bokazioa: zerbitzu publikoa ematea, hain zuzen ere. Gaur egun zerbitzu publiko terminoa administrazio publikora mugatzeko joera badago ere, guk uste dugu Ikastolen mugimenduaren moduko herri ekimen batek, zuzenean administrazioaren menpeko egitura izan gabe ere, zerbitzu publikoa eskaintzen duela», adierazi du. Gaineratu du XXI. mendean oraindik ere, euskarak behar dituela «hiztun kontzienteak, konpetenteak eta koherenteak: Euskararekiko atxikimendua dutenak, Euskaraz jakiteaz gain, euskara erabiltzen dutenak. Ikastolok ahalegin handia egiten dugu halako hiztunak hezteko, eta horretan jarraitzeko konpromiso irmoa dugu».

Ikastolak ez dira eskolak bakarrik; sorkuntza eta erresistentziarako guneak ere badirela, gogorarazi du NIEko lehendakariak: "Hizkuntza eta kultura berreskuratzeko prozesu baten motorrak dira, eta, horri esker, euskarak hiztun berriak irabazi ditu, belaunaldien arteko transmisioa bermatu du eta, batez ere, euskaraz solasten direnak harrotasunez jantzi ditu".  Euskararen zonifikazioa oraindik irekita dugun zaurietako bat dela ere esan du: "Horregatik gaur ere Ikastolak bagatoz Nafarroa osoan euskararen ofizialtasuna aldarrikatzera, eta larrialdi linguistikotik indarraldirako bidean indarrak batzera".

Maider Nuinek, bere aldetik, gogora ekarri digu Paz de Ziganda Ikastolako komunitateak konpromisoa eta auzolana izan dituela ardatz gaurko egunera iristeko azken hilabeteetan egindako ibilbidean: «Inguruan presente egon gara, proiektu sozial eta inklusiboak bultzatu ditugu, euskaraz bizitzeko, sentitzeko eta partekatzeko uneak ahalbidetu ditugu, eta horrek bultzada eman dio auzolanari». Ikastolako presidenteak bihotzez eskertu du familien eta langileen inplikazioa, Nafarroa Oinez 2025 antolatzeko helburuak lortzea posible egin baitute.

Bake mezua

Ekitaldian, Paz de Ziganda Dantza Taldeak eta Paz de Ziganda Abesbatzak hartu dute parte. Abesbatzak Anne Etchegoyen abeslariarekin batera interpretatu du «Bakemina» abestia, bakerako dei gisa eta gerra-gatazkak pairatzen dituztenen oroimen gisa; bereziki, palestinarrak gogoan izanda.
Irekiera ofiziala Mikel Oteizaren eta Ana Olloren hitzaldiek osatu dute. Atarrabiako Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren izenean, hurrenez hurren, jaialdian parte hartzera eta euskara ospatzera animatu dituzte bertaratutakoak.
Ekitaldia amaitu ondoren, gonbidatuek Ikastolatik bertatik Uharterainoko ibilbidea egin dute (1. gunetik 3. guneraino), eta Atarrabiako Kultur Etxean (2. gunean) amaitu dute. Bertan egin dute omenaldia eta ekitaldian lekukoa pasa diete hurrengo Nafarroa Oinez antolatuko duten ikastolei.

Auzolanean egindako proiektua

Aurtengo edizioan,  pertsona bat omendu beharrean, ikastolen nortasunarekin horren lotuta dagoen auzolanari eman diote balioa. Antzerki baten eta Maider Nuinen esker oneko hitzen bidez, eskuzabalki lan egiten duten pertsona guztiak omendu nahi izan dituzte.

Amaitzeko, lekukoa pasa diete datorren urtean Nafarroa Oinez antolatuko duten ikastolei. Erentzun eta San Fermin ikastolek eskutik helduta egingo diote aurre erronka horri. Erentzun elkartearen izenean, Marta Tejada presidenteak eta Garbiñe Zulaika zuzendariak hartu dute lekukoa. San Ferminetik Eider Sagastibeltza lehendakaria eta Uxue Lazkano zuzendaria igo dira oholtzara.

Eguneko egitaraua martxan

Gaurko antolatutako egitaraua martxa da. Adin eta gustu guztietarako egitaraua antolatu da: musika kontzertuak, tailer inklusiboa, Erronka, Oinezescape ibilbdean zehar txarangak, zanpantzarrak, fanfarreak,... eta nola ez bada, jateko eta edateko eskaintza zabala, glutenik gabeko karta barne. 

Arratsaldeko balorazioa

Atarrabiak egun historikoa bizi izan du gaur, Nafarroa Oinez 2025 ospatu baita, Nafarroako ikastolen urteko jai handia. Milaka lagunek bete dituzte herriko kale eta jai guneak giro ezin hobean, oroimenerako geratuko den hitzordu honetan.

Antolatzaileak pozik agertu dira jardunaldiaren bilakaerarekin. Ezarritako helburuak lortu egin dira, eta arrakastaz egin zaio aurre antolakuntza-erronka handi honi. Bereziki eskertu nahi izan dute festa kolektibo handi hau posible egin duten boluntario, parte-hartzaile eta erakunde guztien laguntza, ikastolen ezaugarri den elkarlanaren isla zintzoa izan baita.

Eguna eguzki eta hodei artean igaro da, tenperatura atseginarekin, eta eszenatoki ezin hobea sortu dute musikaz, dantzaz eta kulturaz gozatzeko prestatutako hiru jai eremuetan.

Goizeko 10:00etatik aurrera, adin guztietarako jarduera egitarau oparoak energia bizirik mantendu du une oro. Haur, gazte eta helduek kontzertuez, ikuskizunez, dantzez, herri-kirolez eta jarduera parte-hartzaileez gozatu dute.
Programazio artistikoa izan da jaiaren ardatz nagusietako bat.

1. gunean Erraldoien konpartsa, ETB Go!azen, Motxila 21, Trikidantz eta Gozategi aritu dira, publikoa beren energiaz berotuz.
2. gunean, Ortzadar dantza taldea, DJ Isma, Kantu Salda, Herri Kirolak, erraldoiak, Korrontzi eta Biziraun izan dira protagonista.
Azkenik, 3. eremuak Xaibor, Sorotan Bele Gogoan Mutrikuko musika bandarekin, Rebel Noise, Nafarroa 1512 eta Oihan Vega bildu ditu, egun osoa erritmoz eta zirraraz bete duen lehen mailako kartela osatuz.

Musikaz gain, une gogoangarrienetako bat Erronka lehiaketa izan da. Nafarroako hainbat ikastolatako ikasleek hartu dute parte. Talde-lanean oinarritutako norgehiagoka sanoarekin, ekitaldiaren espiritu parte-hartzaile eta jai-giroari balioa eman zaio.

Antolatzaileek oso balorazio positiboa egin dute, bai bertaratze jendetsuari dagokionez, bai egunaren bilakaera errazari dagokionez, gorabehera aipagarririk gabe. Atarrabian hain berezia izan den Nafarroa Oinez hau errealitate bihurtzeko ahalegin kolektiboa ere azpimarratu nahi izan dute.

Azken adierazpenean, arduradunek eskerrak eman dizkiete jaiaz gozatzera eta euskara eta ikastolak babestera hurbildu diren guztiei. Era berean, arduradun politikoei ausardia eskatu diete berriro ere, egungo zonifikazioa gainditu eta Nafarroako herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatuko dituen hizkuntza politika ausart, integral eta eraginkorra bultzatzeko.

Azkenik, antolatzaileek euskararen sustapenean buru-belarri jarraitzera animatu dute gizarte osoa, eta Zizur Txikiko San Fermin Ikastolak eta Vianako Erentzun Ikastolak antolatuko duten Nafarroa Oinez 2026an parte hartzera gonbidatu dute.

 


Azken albisteak

Urrian abiatu da Txikipedia elikatzeko ‘Nik, zuk, guk…erronka bai?’ egitasmoaren 6. ekitaldia. Ikastolen eta EWKE Euskal Wikilarien Kultur Elkartearen arteko  elkarlana da.
Egungo gizartea etengabeko aldaketan murgilduta dago, eta aniztasuna du ezaugarri nagusi.
“Biharko euskal herritarrak gaurtik hezten dituen hezkuntza sare eraldatzailea osatzen dugu.