Skip to main content
Elia irudiaItzulpen automatikoa

Kilometroen ospakizunean hirugarren bidea aldarrikatu dugu ikastolok

“Biharko euskal herritarrak gaurtik hezten dituen hezkuntza sare eraldatzailea osatzen dugu. Hirugarren sarea da gurea”, aldarrikatu du, gaur, Aitor Elizaranek, Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakariak. “Sare publikoa eta itunpekoa bereizketak ez gaitu definitzen. Horrek administrazioen jabetzakoak diren eta ez diren ikastetxeak bereizten ditu soilik, ikuspegi oso  murriztailea”, gaineratu du, Gipuzkoako ikastolen jai handiaren irekiera ekitaldian.
“Itunpeko ikastetxeen sarean kokatzen gaituzte, bai, baina argi daukagu hori ez dela gure kokalekua. Hezkuntza sistemaren hirugarren sarea gara IKASTOLAK. Eta hori da, gaur, aldarrikatu nahi  duguna. Izan ere, Kilometroak euskararen eta euskal kulturaren jaia izateaz gainera, aldarrikapen jaia ere bada, ikastolen aldarrikapen jaia. Ikastolak. Marka berriarekin hasi  dugu aurtengo ikasturtea. Marka berri bat garai berri baterako, eta garena hitz batean biltzen duena: Ikastolak. Ikastolak, hirugarren sarea”
Elizaranek azaldu du Ikastolak zergatik garen hirugarren sarea: “Gure mugimendua 115 ikastola, 46.000 familia, 55.500  ikasle eta 3.700 irakasle eta langilez osatuta dago. Komunitate herrikoia, kooperatiboa eta prestatua gara: ikasleak, familiak, lankideak eta ikastolazaleak... Euskal Herri osoan gaude, saretuta gaude, eta antolaketa horizontala dugu; elkarlana  eta elkartasuna dira gure ezaugarriak.  Elkarrekin iritsi gara honaino, eta elkarrekin ari gara lanean ikastola eredua sendotzen, eguneratzen eta biharko erronkei erantzuteko prestatzen. Eta lankidetzan dihardugu eta jardun nahi dugu Euskal Herriko hezkuntza, euskalgintza eta herrigintzako eragileekin”.
Menia eskaini du euriak
Goizeko lehen orduetan euria egin badu ere, Kilometroak jaia hasi baino lehenago atertu egin du, eta euriak eskainitako meniari esker, Elgoibarrera etorri diren milaka lagunak gogotik ari dira disfrutatzen Elgoibar ikastolak prestatu duen egitarau zabal eta askotarikoarekin. 
Goizeko hamarretan eman zaio hasiera Gipuzkoako ikastolen jaiari, irekiera ekitaldiarekin. Hamar eta erdietatik aurrera, berriz, gune guztietan hasi dira ikuskizun, tailer, dantza eta bestelako ekitaldiei. Tarteka, eguzki izpiak ere agertu dira, eta egiten duen giroak ederki pasatzeko aukera eskaintzen du.
Omenaldiak eta lekuko aldaketa
Euskara sustatzeko helburuarekin Elgoibarko Aubixa baserrian lanean urte luzez aritu den Maritxu Loiola Ugartebururi eta minbizia duten adin txikikoen alde lan egiten duen Aspanogi elkarteari, aurten hogeita hamargarren urteurrena ospatzen ari denari, omenaldia egiteko baliatu du Kilometroak jaia Elgoibar Ikastolak. Gurutze Gorria eta DYA ere omendu dituzte ekitaldi berean.
Ondoren etorri da lekuko aldaketak. Lazkaoko ikastolak antolatuko du heldu den urteko Kilometroak jaia. Berezia izango da, berrogeita hamargarren ekitaldia izango baita 2026koa. GAur esan den moduan, mende erdiko ibilbidea egitera goaz, euskarari eta euskal kulturari, euskal gizarteari eskainitako jai handi honekin. “Urterik urte ikastolen komunitateek mimoz eta ilusioz atera dute aurrera jai hau. Ikastolok herriari. Herritik sortu ginelako eta herriarentzat dihardugulako”.
Hiru gune eta azpigune bat
Hiru gune eta azpigune bat prestatu dituzte, adin guztietara zuzendutako ekintzekin eta ikuskizunekin: gazteentzat Erronka probak egiten ari dira herri osoan zehar, txikientzat egur jolasak, puzgarriak, tailerrak, eskulanak, magoak, txarangak, elektrotxarangak, erraldoiak… eta, noski hainbat musika talde kontzertuak ematen ari dira. Indarrak hartzeko eta jan-edanarekin hornitzeko guneak ere ez dira falta.
 

Azken albisteak

Ikastolak indar berriz gatoz,  betiko balioekin eta proiektu berriekin, eta aldi
Bagatoz aldi berrirako  irudi berriarekin!Bagatoz betiko balioekin eta proiektu berriekin!
Elgoibar prest da urriaren 5ean euskararen eta euskal kulturaren  plaza nagusia