Urrian abiatu da Txikipedia elikatzeko ‘Nik, zuk, guk…erronka bai?’ egitasmoaren 6. ekitaldia. Ikastolen eta EWKE Euskal Wikilarien Kultur Elkartearen arteko elkarlana da. Euskal Herriko 33 ikastolak hartuko dute parte aurtengo edizioan, DBHko eta Batxilergoko 80 ikastalde ingururekin. Urrian hasi eta martxora bitarte arituko dira ikastolak, saio desberdinetan, gaiak aukeratu, informazioa bilatu eta Txikipediako sarrera berriak egiten.
EWKEk eta Ikastolen arteko harremana orain urte batzuk hasi zen, DBHko ikasleekin egiten dugun urteroko erronkarekin. Aurten erronka handiagoa bota zigun EWKEk: Euskal Herriko historia 100 objektutan lantzeko laguntza behar zuten, eta Batxilergoko ikasleekin egin nahi zuten. Esan eta egin. Urriaren 22an Zarauzko Oteitza Lizeo Politeknikoko 190 ikaslek goiz osoa eskuragarri zuten erronkari eusteko.
Euskal Herriko historia 100 objektutan lantzeko proiektua abiatu zuen Euskal Wikilariak elkarteak euskarazko Wikipedian, eta dagoeneko martxa bizian da proiektua. Museoekin lanean ari dira argazkiak lortzeko, artikuluak lantzen eta hobetzen ari dira, eta laster aurkeztuko dituzten multimedia proiektu batzuk ere bidean dira. Baina bazuten hutsune handi bat: objektu horien inguruan hitz egitea Txikipedian. Horixe izan zen Zarauzko Oteitza Lizeo Politeknikoko Batxilergoko ikasleek egin zutena.
Goizeko 8:00etan hasita, hitzaldi orokor bat jaso zuten ikasleek, proiektuaren nondik norakoak ulertzeko. Ondoren, ikasleak euren geletan banatuta, iturrien inguruan, fidagarritasunaren inguruan edo sareko etiketaren inguruko lanak izan zituzten.
Azkenik, lauko taldetan antolatuta, talde bakoitzari objektu bat esleitu zitzaion. Objektu bakoitzarekin egin beharrekoa ariketa konplexua zen: alde batetik, objektua bera zer zen azaldu behar zuten; bestetik, bere testuinguru historikoan kokatu behar zuten. Hau da, objektu hori zergatik zegoen Euskal Herriko historia 100 objektutan proiektuaren baitan azaldu behar zuten. Horretarako Wikipediako artikuluak, museoetako webguneak eta kanpo iturriak zituzten. Egunaren amaieran Txikipedian artikulua argitaratu behar zuten.
Erronka handia zen, baina ikasle eta irakasleek oso ondo erantzun zuten. 48 artikulu berri sortu ziren Txikipedian, eta dagoeneko proiektuan dauden objektuen erdiek artikulua dute Txikipedian.