Skip to main content

AEKrekin elkarlanean sorturiko 24. Korrikaren unitate didaktikoak plazaratu ditugu

Besteak beste, helburu dute euskararen erabileran eragitea eta euskal kultura transmititzea

Unitate didaktiko horiek KORRIKAren webgunean daude eskuragarri, gero Euskal Herri osoko Ikastola, eskola eta euskaltegietan zabaltzeko. 

Bi motatakoak dira: batetik, ikastetxeetarako ikasmaterialak, guk sortu ditugunak; horiek adinaren arabera sailkatuta daude, Haur Hezkuntzatik Batxilergora. 

Bestetik, euskaltegietarako atazak, AEKren Didaktika Sailak prestatuak; horiek mailaka antolatuta datoz, A1etik C1era. Azpimarratzekoa da materialetako bat berezia dela: diseinatuta dago entzumen arazoak zailtasunak izan ditzaketen pertsonek erabili ahal izateko.

Unitateok hainbat berrikuntza dakartzate, betiko helburuak izan arren: euskararen aldeko jarrera zabaltzea, gure hizkuntzarekiko kontzientzia suspertu eta haren erabileran eragitea, euskal kultura transmititzea eta bertoko erreferente kulturalak ezagutaraztea; baita, nola ez, KORRIKA iragartzea ere.

 

 

Aurkezpenaren harira, elkarrizketa laburra izan dugu Iñaki Zapirainekin eta Jon Alustizarekin, Orereta Ikastolako irakasle eta ikastetxeetarako unitate didaktikoen egileekin. Era berean, AEKren Didaktika Saileko kide Amaia López de Luzuriagarekin ere mintzatu gara euskaltegietarako materialen inguruan. 

Zapirainek eta Alustizak edizio honetako unitateen berrikuntzak nabarmendu dituzte. Alde batetik, Korrika Txokoa izeneko jarduerak: zirkulazio autonomoan aritzeko materiala da, ikasleek beren nahien eta erritmoen arabera. Beste batetik, Hurrengora arte! jarduera dugu, KORRIKA amaitu ondoren gauzatzekoa; KORRIKAn bizi izandako esperientziak partekatzea izango du helburu.

López de Luzuriagak aipatu du euskaltegietarako hiru materialeko sorta prestatu dutela: Badator 24. Korrika!, 24. Korrikaren ibilbidearen jolasa eta Korrika historian. Azken hori bereziki egokituta dago hezkuntza arruntean zailtasunak izan ditzaketen pertsonek erabili ahal izateko.

Lotura hauetan dago unitate didaktikoen inguruko informazio osagarria:

Ikastetxeetarako unitate didaktikoak. Informazio gehiago.

Euskaltegietarako unitate didaktikoak. Informazio gehiago.
 

Azken albisteak

Ikastolen ordezkariek euskararen aldeko konpromisoa berretsi dute, eta Kilometroak jaiak 50 urteotan egindako ibilbidea eta etorkizuneko erronkak nabarmendu dituzte.
Unai Iturriaga gidoilariak eta Alex Sanvi marrazkilariak identitatearen bila jarri dute Haur Besoetakoa, Xabiroi komiki aldizkariaren eskutik
Euskal Herriko Ikastolek argitu dute PISAren datuek garbi erakusten dutela euskara ez dela irakurmenean 2022tik 2025era izandako jaitsieraren erantzulea.