Ikastolen Elkarteak argitaratzen duen Xabiroi komiki aldizkariak Haur Besoetakoa, Izan ala ez izan albuma aurkeztu du. Unai Iturriaga gidoilariak eta Alex Sanvi marrazkilariak sortutako lanak Haur Besoetakoaren unibertsoa zabaltzen du, Xabiroi aldizkarian argitaratu diren zazpi kapitulu berriren bidez.
Aurkezpenean, bi egileekin batera, Arantza Munduate, Ikastolen Elkarteko kidea eta Dani Fano Xabiroi komiki aldizkariaren zuzendaria izan dira. Ekitaldian, album berriaren ezaugarriak azaldu dituzte, baita Haur Besoetakoak ia hogei urteko ibilbidean izan duen bilakaera ere.
Identitatearen inguruan
Izan ala ez izan albumak identitatea du ardatz nagusi. Aldizkarian argitaratutako atalek, bakoitzak bere ibilbidea egin arren, hari komun bat osatzen dute: nor garen, nola ikusten dugun geure burua eta besteek nola definitzen gaituzten. Galdera horiek Haur Besoetakoaren ohiko umorearen, jolasaren eta abenturaren bidez lantzen dira.
Unai Iturriagaren gidoiek eta Alex Sanviren marrazkiek eguneroko errealitatea eta irudimena uztartu dituzte. Haur Besoetakoaren munduak inguruan gertatzen denetik edaten du, baina beti ematen dio errealitateari bira berezi bat. Horri esker, irakurleek hainbat mailatan goza dezakete albumaz: istorio dibertigarri eta entretenigarri gisa, edo gai sakonagoetan murgiltzeko gonbidapen gisa.
Ia hogei urteko lankidetza
Haur Besoetakoaren lehen istorioa 2007an argitaratu zen Xabiroi aldizkarian. Hasierako proiektu txiki hartatik abiatuta, pertsonaia berezko unibertsoa eta nortasuna eraikitzen joan da. Izan ala ez izan laugarren bilduma da aurreko albumen ondoren: Litxarrerien Jauna (2014), Paristik datorren artista (2018) eta Itsasoak urak handi (2022).
Urte hauetan guztietan, Iturriaga eta Sanvi elkarrekin ikasten eta beren lan egiteko modua fintzen joan dira. Bien arteko konfiantzak eta Haur Besoetakoaren mundu partekatuak askatasun handiagoa eman diete istorioak sortzeko. Album berrian ere, komikiaren berezko baliabideak —irudia, hitza, erritmoa eta umorea— baliatu dituzte identitatearen inguruko galderak planteatzeko.
Dani Fanoren zuzendaritzapean, Xabiroi aldizkariak euskarazko komikigintzari eta sortzaile berriei zein ibilbide luzeko egileei plaza eskaintzen jarraitzen du. Aldizkariaren bidez, euskarazko sorkuntza, irakurzaletasuna eta euskal kulturaren transmisioa sustatzen dira, ikastolen komunitatean eta gizarte osoan.
Arantza Munduatek nabarmendu du halako proiektuek euskarazko kultur eskaintza aberasten dutela eta irakurle gazte zein helduei euskaraz irakurtzeko eta gozatzeko aukera eskaintzen dietela. Bere esanetan, komikia «irakurzaletasuna sustatzeko eta euskal iruditeria gaurkotzeko tresna baliotsua» da.
ALBUMAREN FITXA
- Izenburua: Haur Besoetakoa. Izan ala ez izan
- Egileak: Unai Iturriaga eta Alex Sanvi
- Argitaletxea: Ikastolen Elkartea
- Bilduma: Xabiroi
- Sinopsia: Haurra izan nahi du haurrak, bere izateari eutsi eta bestelako lanen zama Aimen bizkar utzi. Hala ere, denak ez dira iritzi berekoak. Horien artean nerabeak dira okerrenak.Nerabeek gerra deklaratuko diote Haur Besoetakoari, eta bai amarruan erori ere. Indarraren ordez burua erabili behar dela diotso Lo-Li-Tak. Baina bere burua non kokatu ez dakienak nola erabiliko du burua? Laguntza eskatu beharko ote du? Haur Besoetakoak laguntza eskatu? Inoren kontra borrokatu aurretik norberak jakin behar du nor den. Eta orduan erabaki ahal izango du, bakarrik orduan, “izan ala ez izan”.
- Orrialdeak: 48
- Salneurria: 15 euro