Skip to main content
Elia irudiaItzulpen automatikoa

Nafarroako Gobernuaren alde bakarreko erabaki arbitrarioa salatu dugu eta euskarazko hezkuntzari ezarritako zigorra bertan behera uzteko eskatu dugu

Oier Sanjurjok eta kaltetutako familiek agerraldia egin dute Hezkuntza Departamentuaren aurrean, 8 ikastolari itunak ukatu eta murriztu izana salatzeko

Nafarroako Ikastolek eta kaltetutako ehunka familiak elkarretaratzea egin dute Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren atarian, azken honek Haur Hezkuntzako (HH) itunen inguruan hartutako erabakia salatzeko. Izan ere, Departamentuak alde bakarrez eta inolako elkarrizketarik gabe erabaki du Nafarroako 8 ikastolari datozen 4 urteetarako itunak ukatzea edo murriztea. 

Oier Sanjurjo NIEko lehendakariak adierazi duenez, erabakia  erabat arbitrarioa da. Izan ere, Departamentuak jaiotza-tasa bereziki baxuko urtea hartu du erreferentzia gisa, sare publikoan ezartzen diren ratio eta irizpideak aplikatzea saihestuz. "Orain arte aplikatu diren ratioak aplikatuko balira, itun guztiak mantenduko lirateke eta berriak eman. Aukera berdintasuna eskatzen dugu, ez gure izaeragatiko bazterketa", aldarrikatu du Sanjurjok. 

Familien haserrea eta eskubideen defentsa

Kaltetutako familien ordezkariek ere hartu dute hitza agerraldian. Gogoan izan dute euskararantz eta ikastoletarantz urratsa egin nahi duen familiari ezin zaiola eskubide hori ukatu eta "gure seme-alaben hezkuntza eta gure hizkuntza eskubideak defendituko ditugu" gaineratu dute, ez direla besoak gurutzatuta  geratuko iragarriz.

Bestalde, Ikastolek azpimarratu dute erabaki honek bereziki euskarazko hezkuntzari egiten diola kalte: "Gu herritik eta herriarentzat sortutako ikastolak gara. Gure sarea da Nafarroa osoan, eremu guztietan, euskara josten duena. Ezin zaie bidea oztopatu Nafarroan euskararantz datozen familiei". 

Hurrengo mobilizazioak 

Ikastolek argi utzi dute ez direla isilik geratuko demokrazia garaian jaso duten kolperik gogorrenaren aurrean. Hezkuntza Departamentuari erabakia atzera bota dezala exijitzeaz gain, hurrengo mobilizazioen berri eman dute.
 

Azken albisteak

Euskal Herriko ikastoletako ikasleek JUUL Kanpainako hauteskunde literarioen eguna ospatu dute, apirilaren 23an, Liburuaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez
Apirilaren 25ean, Arrasatek euskarazko sormen jaialdi berezi bat hartuko du: herriko plazak eta gune kulturalak gazte sortzaileen eszenatoki bihurtuko dira
Azaldu dutenez, euskarazko irakaskuntzak geldialdi nabarmena bizi du Ipar Euskal Herrian, eta neurri ausartak behar dira ikasleek hezkuntza ibilbide osoan euskaraz jarraitzeko