Ikastolen mugimenduko bi Europar Kooperatiben Batzar Nagusiak egin dituzte, Zumaian. Elkartasun Ikastolen batzarrak 1,1 milioi euro banatu ditu Elkartasun Kutxaren laguntza eskatu duten ikastolen artean. Ikastolen Elkarteko batzarrak berriz, ikasturte honetako kudeaketa plana eta aurrekontuak onartu ditu. Bi batzarrak Zumaiena ikastolan egin dira.
Elkartasuna da Ikastolen mugimendua ezaugarritzen duen elementu nagusietako bat. Elkartasun ekintza erraldoia, Elkartasun Ikastolak Europar Kooperatiba Elkarteak urtero aurrera eramaten duena. 115 ikastolek osatzen dugu Ikastolen Elkartea, bai eta Elkartasun Ikastolak elkartea ere, eta guztiok hartzen dugu gure gain zailtasunak dituzten Ikastolek ere aurrera egiteko erantzukizuna.
Aurtengo ekitaldian, hauek izan dira babestu ditugun proiektuak: Nafarroako Argia (Tutera) eta Ibaialde (Lodosa) Ikastolak, Iparraldeko Kattalin Elizalde Kolegioa (Senpere), Lizeo berrirako proiektua (Donapaleu) eta Ikastolen Etxea (Kanbo), Bizkaiko Bihotz Gaztea Ikastola (Santurtzi) eta Gipuzkoako Zubimusu Ikastola (Amasa-Villabona/Zizurkil). Laguntza hauek inbertsio edota mailegu moduan eman ditugu, eta orotara 1.094.072 euro eman ditugu.
- Argia Ikastola: Inbertsioa. Ikastolaren maileguei aurre egin eta defizita estaltzeko.
- Ibaialde Ikastola: Inbertsioa. Egin dituzten inbertsioetarako eta egitura gastuetarako
- Lizeoaren hedapena (Donapaleu): Inbertsioa. 2027an dago aurreikusia Donapaleuko Lizeoak ateak irekitzea. Elkartasun Kutxak haren finantzaketak lagunduko du.
- Kattaliln Elizalde Kolegioa: Inbertsioa. Ikastola berria egiteko beharrezkoa izan den finantzaketan laguntzeko.
- Kanboko Ikastolen Etxea: Inbertsioa. Ikastolen Etxearen maileguaren erdia ordaintzeko konpromisoari erantzuteko.
- Bihotz Gaztea Ikastola: Mailegua. Egin dituen inbertsio handiei erantzuteko.
- Zubimusu Ikastola: Mailegua. Ikastolaren berehalako altxortegi-beharrak estaltzeko eta ezusteko itzulketa-ordainketari aurre egiteko.
Ikastolen komunitatea osatzen dugun guraso eta langileek Ikastolen mugimenduari eta, ondorioz, Euskal Hezkuntza Nazionalari egindako elkartasun-ekarpena da hau. Beldurrik gabe esan dezakegu ez dagoela Euskal Herrian horrelako elkartasun-ekintzarik. Horixe gara Ikastolak, elkartasunean eta kooperazioan aritzen den komunitate sendoa.
Elkartasun Kutxak bere funtzioa bete ahal izateko ezinbestekoa da erantzukizunez jokatzea, bai egiten diren eskaeretan eta baita jasotako diruaren kudeaketan. Elkartasun Kutxaren oinarria, gaur gaurkoz, ikasle kopurua da, ikastola bakoitzak dituen ikasle kopuruaren araberako ekarpena egiten baitio Elkartasun Kutxari, eta jakina da bilakaera demografikoaren ondorioz Elkartasun Kutxaren diru-sarrerek beheranzko joera izango dutela datozen urteetan. 2025-2026 ikasturtean Ikastolok 803.684 €ko ekarpena egin diogu Elkartasun Kutxari.
Artezkaritza Kontseiluak Elkartasun Ikastolak Kooperatibari egin dion proposamenean eta Batzarrak berretsitakoan, berriz, jarritako dirua baino gehiago banatzea erabaki da. Batzarrean esan den moduan, Ikastolok urte batez egin dezakegun ariketa da hau, baina ezin da ohiko bihurtu. Izan ere, Elkartasun Kutxak jasotzen duena baino gutxiago banatu beharko luke gerta daitekeenari erantzuteko funts bat sortzeko.
Euskal Herriko Ikastolak EKEren Batzar Nagusia
Elkartasun Ikastolen Batzar Nagusiaren aurretik egin da, bestalde, Euskal Herriko Ikastolak EKEren urteko Ohiko Batzar Nagusia. Aurreko ekitaldiko kontuak onartu dira, bai eta aurtengo ikasturteko aurrekontuak ere. Guztira 8 miloi euroko aurrekontua izango du Ikastolen Elkarteak ekitaldi honetan, eta kontuak parean amaitzea aurreikusi da. Aurkeztu den kudeaketa planean, berriz, hauek izango dira ildo nagusiak:
- Hezkuntza: Aholkularitza pedagogikoa diseinatzen bukatzea eta bost ikastolatan pilotatzea; ikaskuntza eredu berria diseinatzea, ekoiztea eta integratzea; marko teknopedagogikoa definitzea; Ongizate taldea antolatzea eta lan-ildoak planifikatzea; prestakuntza birdiseinatzea eta prozesatzea; Euskal Curriculuma eguneratzea.
- Euskara eta euskal kultura: murgiltze programa aberastu eta ikastolaratzea; murgiltze eredua eguneratzea; B2 neurketa sistema pilotatzea; kultur plazak aktibatzea.
- Digitalizazioa: burujabetza teknologikoaren bide-orria definitu eta abiaraztea.
- Enpresa: Ikastolen Elkarteko Zuzendaritza Taldea indartzea; Ikastolen Elkarteko bideragarritasun ekonomikoa bermatzea; Ikastolen Elkartea berrantolatu eta egiteko modua sistematizatzea.
- Aisialdia: Aisia Marko orokorra Ikastolen Hezkuntza Marko Orokorraren baitan eguneratzea eta aisialdi eskaintza horren baitan garatzea; ekintza ludikoak burutzeko askotariko baliabideak eskaintzea.
- Ikastolak: Ikastolen arteko lankidetzak indartzea; Ikastoletarako finantza eta lan aholkularitzak antolatzea.