Arrakastaz ospatu ditugu Ikastolen 29. Jardunaldi Pedagogikoak. Arrakastaz, Euskal Herri luze zabaletik etorritako ia 600 lagun, ikastoletako eta ikastoletatik haragoko hezkuntza profesional, bildu baitira Donostiako Kursaalen, eta ekarpen mamitsuak egin baitituzte jardunaldiotan hitza hartu duten Euskal Herriko eta nazioarteko adituek.
Aniztasuna eta inklusioa izan ditugu hizpide; elkar lotuta doazen bi kontzeptu: denok ezberdinak garela adierazten du lehenak, ezberdintasun guztiak (kognitiboak, emozionalak, sozialak, kulturalak, linguistikoak, fisikoak, generokoak edo jatorrikoak) aitortu, baloratu eta errespetatzea ere bada aniztasuna; aniztasun horri nola erantzun nahi diogun zehazten duen filosofia eta balioa da bigarrena. Gakoa aniztasuna aberastasun gisa ulertzea da, ospatu beharreko egitate bat, eta ez derrigorrez kudeatu beharreko erronka.
“Bagatoz, inklusiotik ekitatera” goiburua zuten Ikastolen aurtengo Jardunaldi Pedagogikoek eta hezkuntza inklusiboaren eta ekitatezkoaren ikuspegia izan da nagusi, eta gizarte gero eta anitzagoan ikasle guztientzako kalitatezko hezkuntza bermatzeko apustu partekatua azpimarratu da. Jardunaldietan azaldu da inklusioa ez dela helburu estatiko bat, baizik eta etengabeko konpromiso etiko eta pedagogiko sakona, hezkuntza-sistemek aniztasunaren errealitateari erantzun behar diotelako.
Lau Ardatz Nagusi
Jardunaldietako egitaraua lau ardatz nagusitan banatu da:
Lehenbizikoa, ikasgelaren barneko egokitzapenak eta irisgarritasuna izan da. Frantziako Arte eta Lanbideen Kontserbatorio Nazionaleko irakasle Serge Ebersoldek hainbat gako azaldu ditu baliabideak ikasle bakoitzaren beharretara jartzeko, eta irisgarritasuna baliabide bat bezala ikusi ahal izateko.
Kulturaniztasuna eta identitatea izan da jorratutako bigarren ardatza. Hala, kultur aniztasuna eta identitate-errealitate berriak modu inklusiboan jorratzeko gakoak azaldu ditu Ane Urizar Zugazagoitia doktoreak, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakasle eta ikertzaileak.
Eskola erakunde bezala hartuta ere begiratu diogu inklusioari. Berau izan da hirugarren ardatza. Nola bihurtu gure eskola, bere egitura eta kudeaketa guztian, are inklusiboagoa. Horretaz aritu da Mel Ainscow, Manchesterreko Unibertsitateko irakasle emeritua, eta nazioarteko hainbat esperientziatako ikasgaiak ekarri ditu jardunaldietara.
Laugarren ardatza, azkenik, aisialdia eta jarduera fisikoa izan da. Jarduera fisikoaren arloko 'argi-itzalak' azaldu ditu Uxue Fernandez Lasak, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan doktore eta EHUko Heziketa Fisikoa eta Kirola saileko irakasle-ikertzaileak.
Lidergo Pedagogikoa eta nazio ikuspegia
Jardunaldietan Ikastolen izaera eta lidergo pedagogikoa azpimarratu dira, hezkuntzaren eguneroko eraldaketa eta berrikuntzarako bokazioa, bai eta haien lana herri osoaren zerbitzura jartzeko konpromisoa ere. Jardunaldiok dira horren isla, bertan bildutako hausnarketak, erabakiak eta kezkak, ikastolen komunitatetik harago, gizarteko eragile, familia eta profesional guztiei zabaldu baitzaizkie.
Gure errealitate zehatzean, inklusibo izateak nazionala izatea ere esan nahi duela azpimarratu da: Euskal Herrikoa, inor bazterrean uzten ez duena, ezarritako muga administratiboen gainetik. “Gure jardunaldi pedagogikoetan Euskal Herri osoko ikastolak ari gara Euskal Herri osorako hausnarketak egiten. Aniztasunari ezin zaizkiolako mugak ezarri. Gu kontrakoa egitera etorri gara gaur hona: mugarik gabe hitz egitera”.
Aniztasuna, Ekitatea eta Euskara
Hausnarketa nagusietako bat izan da benetako inklusioak aukera berdintasuna barne hartzen duela, inor atzean ez uzteko konpromisoa, eta ekitateari eta benetako aniztasunari ekiteko bideak partekatu dira jardunaldi osoan.
Euskara hezkuntza-sistema nazionalaren eta aniztasunaren erdigunean kokatzea izan da beste funtsezko mezuetako bat: “Euskaraz bizi ez den Euskal Herririk gabe ez dago aniztasunik. Ikastolok aniztasunaren gainean hartzen dugun lehen konpromisoa da euskara gure hezkuntza sistema nazionalaren eta gure herriaren erdigunean jartzea. Hori da guretzat aniztasuna, horrek bakarrik egingo du posible gure herrian hitz egiten diren hizkuntza guztiak gure ondare kolektiboan ere txertatzea, datozen tokitik datozela, gurean bere lekua izatea”.
Esker ona, inklusioa lantzen duten eragile eta norbanakoei
Ikastolen komunitateak eta jardunaldien parte-hartzaile guztiek esker ona jaso dute, egindako ekarpen eta elkarlanagatik. Eta eskerrik berezienak eman zaizkie gure gizartean inklusioa lantzen ari diren eragile eta pertsona guztiei: “Eskerrak eman nahi dizkizuegu ikastolok, eskerrak eta zorionak, bakoitzak zuen tokitik ematen eta egiten ari zareten guztiarengatik. Zuen kideak gara, zuen bidelagunak”.