Aller au contenu principal
Elia irudiaItzulpen automatikoa

Euskal Herriko Ikastolek babesa eta aitortza adierazi diete bihar Matematikako azterketa euskaraz egingo duten ikasleei, urrats horrek etorkizuneko belaunaldientzat bide berriak irekitzen dituela azpimarratuz. “Euskaraz bizi eta ikasteko eskubidea hasieratik bukaeraraino bermatzea da helburua”, adierazi dute Euskal Herriko 115 Ikastoletako lehendakariek gaur arratsaldean egindako agerraldian.

Bertan, ikastolen sarearen indarra, komunitatearen balioa eta Euskal Herri osoari egiten dioten ekarpena azpimarratu dituzte. “115 ikastola gara, baina herri bat josten dugu”, adierazi dute, ikastola bakoitza bere herrian sustraituta dagoela eta, aldi berean, Euskal Herri osoa lotzen duen sare baten parte dela nabarmenduz.

Azken hilabeteetan Lodosako Ibaialde Ikastolaren inguruan eta Nafarroako ikastolen alde sortutako babes sozial zabala sare horren indarraren adibide gisa jarri dute. Ikastolen esanetan, ikastola baten etorkizuna arriskuan jartzen denean, herri oso baten hezkuntza proiektua jartzen da jokoan, eta horregatik erantzuten dute tokian tokiko eragile zein pertsonek eta sare osoak elkarlanean.

Lehendakariek gogorarazi dute ikastolak Euskal Herritik sortutako eta Euskal Herriarentzat eraikitako hezkuntza proiektu integral bat direla: euskaraz, euskal curriculumetik, pedagogia propioarekin eta gizarte-onuraren ikuspegitik. Komunitatearen parte-hartzea, auzolana, konpromiso soziala eta eraldaketa pedagogikoa nabarmendu dituzte proiektuaren oinarri gisa.

Era berean, ikastolek, Euskal Herriak parez pare dituen erronka digital, sozial, pedagogiko eta linguistikoei erantzuteko elkarlana eta indarrak batzeko beharra azpimarratu dute. Horretarako, gainontzeko eragile eta erakundeekin lankidetzan aritzeko konpromisoa berretsi dute, herri gisa erantzun partekatuak eraikitzeko.

Amaitzeko, ikastolen mugimendua indartzen eta bere hezkuntza proiektua sendotzen ari direla adierazi dute, etorkizuneko Euskal Herria eraikitzen jarraitzeko. “Egunez egun eta herriz herri, herri bat euskaraz josten jarraituko dugu”, adierazi dute.
 

Dernières nouvelles

Nafarroako Ikastolen Elkarteak JUUL 2026 sari-banaketa ekitaldia egin zuen atzo Zizur Nagusiko Kultur Etxean.
Euskalgintza sozialaren eta erakunde publikoen arteko indarrak batzera deitu dute ikastolek, euskararen biziberritzean jauzi berri bat egiteko
Ekainaren 12an, Matematika proba euskaraz egingo duten gure ikasleek alboan izango gaituzte, gure sustengua adierazteko