Aller au contenu principal


Euskalduntzen duen hezkuntza: erronkak eta estrategiak izenburupean, Euskal Herriko Ikastolen 30. Jardunaldi Pedagogikoak azaroaren 18an izango dira, Donostiako Kursaalen. Murgiltze eredu integralago batera egiteko beharrezkoak diren estrategiak aztertuko dituzte bertako eta nazioarteko adituek.

Murgiltze eredua defendatu ez ezik, birpentsatu eta indartzeko bideak esploratuko dituzte Ikastolen aurtengo Jardunaldi Pedagogikoek. Hezkuntza formalaren, ez-formalaren eta informalaren arteko loturak indartzeko bideak aztertuko dituzte. Horretarako, orain arte egindako bidearen indargune eta ahulguneak aztertu, gaur egungo erronkei aurre egiteko estrategiak mahaigaineratu eta haien lurreratze pedagogikoa landuko dute.

Izen-ematea zabalik dago ikastolak.eus atarian. Jardunaldiak hezkuntza alorreko arduradun eta profesionalentzat nahiz gaiarekiko interesa duten guraso eta herritarrentzat izango dira baliagarriak.

Inaugurazio hitzaldia Iñaki Iurrebasok eskainiko du, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) ikerketa arduradunak: “Gizarteak eskola baldintzatzen du, eskolak gizartea eraldatzen du. Hezkuntzaren ekarpenak, mugak eta erronkak euskararen indarberritzean”.

Abiapuntu horretan oinarrituta, hiru gai nagusi jorratuko dira.

Lehenengoan, Kike Amonarriz soziolinguistak ikasgelatik eta ikastetxetik harago euskararen erabilera nola sustatu aztertuko du. Bereziki, familiek eta aisialdiak euskararen erabilera bultzatzeko duten garrantziaz arituko da.

Bigarren gaia errealitate demografiko berrien aurrean harrera eta estrategien ingurukoa izango da. Anna Forés, Bartzelonako Unibertsitateko Neurohezkuntza Katedrako zuzendaria, hizkuntza ikastean eta inklusio-prozesuetan ikasleen ongizate emozionalak duen garrantziaz arituko da. Pompeu Fabra Unibertsitateko zientzia politikoetako doktore Vicent Climent-Ferrandok, berriz, hizkuntza gutxituek benetako aukerak izan ditzaten beharrezkoak diren baldintza sozial eta instituzionalak aztertuko ditu.

Hirugarren gaian, euskararen erabilera helburu, Letizia Garciak, Mondragon Unibertsitateko irakasle-ikertzaileak, gaitasuna, atxikimendua eta erabilera landuko ditu, eta hiruen arteko elkarreraginean sakonduko du.
Azkenik, Siwan Jonesek Galesko esperientzia aurkeztuko du. Galesko hezkuntza- eta hizkuntza-politikaren arduradun nagusietako bat da bera, eta hizkuntza gutxitu baten ikaskuntza eta erabilera sustatzeko garatutako estrategia integrala azalduko du, murgiltze ereduaren perspektiba integraletik.

BERRIA egunkariaren lankidetzarekin egingo dira aurtengo jardunaldiak. Euskal Herriko Ikastolek euskararen biziberritzearen eta euskarazko hezkuntzaren alde lan egiten duten eragileekin elkarlana zabaltzeko interesa agertu dute.

Informazio guztia eta izen-emateak hemen.

Dernières nouvelles

DBH-n hasiko da ahalduntzera bideratutako ikaste esperientzia berriaren inplementazioa datorren ikasturtean.
Nafarroa Oinezen “elkarlan eta elkartasun ariketa kolektiboa” balioetsi dute Erentzun eta San Fermin ikastolek
Ikastolen ordezkariek euskararen aldeko konpromisoa berretsi dute, eta Kilometroak jaiak 50 urteotan egindako ibilbidea eta etorkizuneko erronkak nabarmendu dituzte.