Aller au contenu principal

Azkaine, 2026ko irailaren 1a. Ipar Euskal Herrian gaur hasi eta Hego Euskal Herrian datozen egunetan abiatuko den 2026-2027 ikasturtearekin batera, Euskal Herriko Ikastolek ikasturte berrirako dituzten erronka nagusiak aurkeztu dituzte gaur. Egutegi ezberdinekin ekin arren, ikasturte bera, hezkuntza-proiektu bera eta herri-ikuspegi bera partekatzen dituzte Euskal Herriko 115 Ikastolek. Horregatik, Ikastoletan gaur abiatu dute ofizialki ikasturte berria 53.760 ikaslerekin.

Ikastolen ustez, Euskal Herria eta gizartea aldatzen ari diren honetan, hezkuntzak ere erantzun berriak behar ditu. Horregatik, ikasturte honetarako hainbat erronka mahai gainean jarri dituzte, baina guztien artean euskalduntzen duen hezkuntza bermatzea kokatu dute lehentasunezko erronka gisa.

Euskalduntzen duen eredua. Ikastolek sorreratik argi izan dute ikasketak euskaraz eskaintzeko ez ezik, bizitzako esparru guztietan arituko diren euskaldun osoak hezteko ari direla lanean. Horregatik, egungo gizarte aldaketei erantzuteko prest azaldu da ikastolen mugimendua. Euskara herria josten duen haria dela gogorarazita, murgiltze eredua sakontzeko eta errealitate soziolinguistiko berrietara egokitzeko urratsak iragarri dituzte, ikasle guztien euskalduntzea eta euskararen erabilera indartzeko helburuarekin. Bide horretan, euskalduntzea herri oso baten erronka dela aldarrikatu dute, beste eragile zein erakundeekin elkarlanerako prestutasuna adieraztearekin batera. Horregatik, euskalduntzearen erronka hezkuntzaren eta herri-agendaren erdigunean kokatzera deitu dute Ikastolek.

Eredu integrala. Ikasturte berriko beste ardatz nagusietako bat eredu pedagogikoaren berriztapenean sakontzea izango da. Pertsona erdigunean jarriko duen hezkuntza integrala garatzeko helburuarekin: gaitasun akademikoak, hizkuntza-gaitasuna, ongizate emozionala, pentsamendu kritikoa eta komunitatearekiko konpromisoa uztartuz.
Horrez gain, arlo pedagogikoan bi eremutan jarriko da arreta berezia:

  • Digitalizazio arduratsua eta burujabetza teknologikoa: Tresnen erabilera kontzientea sustatuko da, oreka pedagogikoa lortzeko helburuarekin,  ikasleen ongizatea lehenetsiz eta baliabide zein datu propioen kudeaketa bultzatuz.
  • Aniztasuna eta sarbide unibertsala: Haur eta familia guztientzako herri-eskola izateko bokazioz, etorri berrien harrera-prozesuak sendotuko ditugu  euskal dimentsioan murgiltzea errazteko, sarbide unibertsala bermatzeko tresnak garatzen jarraitzearekin batera.

Elkarlana eta herri-ikuspegia. Erronka hauek ez dira Ikastolenak bakarrik; herri oso baten erronkak dira. Horregatik, Ikastolen Mugimenduak dei egin die hezkuntza-komunitateari, euskalgintzari, gizarte-eragileei eta erakunde publikoei, elkarrekin urrats sendoak egiteko eta hezkuntza euskaldun, propio eta pedagogikoki aurrerakoia herri-agendaren erdigunean kokatzeko.

Aldi berean mugimendu izaera indartzen jarraitzeko konpromisoa ere adierazi dute Ikastolek, egiturak, lan taldeak eta ikastolen arteko elkarlana etengabe sendotuz, eta Ikastolen Mugimendua proiektu nazional bakar gisa ulertuz, Iparraldetik Hegoaldera, egitura administratibo ezberdinen gainetik. 

Seaska: hazkundea bigarren mailan eta eskaintza lanbide heziketara zabaltzea 

Ipar Euskal Herrian, Seaskak sendotasun handiz ekin dio ikasturte berriari. Testuinguru demografiko apala izan arren, 4.302 ikaslerekin abiatu dute urtea (iaz baino 39 gehiago), batez ere bigarren hezkuntzan eta lizeoan izandako hazkundeari esker.

Proiektuaren garapenaren erakusle dira, baita ere, azpiegituretan egindako urratsak: Azkaingo ikastola berriaren irekiera eta Beskoitzeko zein Arberoako ikastola berrien egitasmoak. Horrez gain, Etxepare Lizeoan Lanbide Heziketako sail berria (ARTA/ASSP) abiaraziko da aurten, gazteei beren lanbide ametsak euskaraz garatzeko bide berriak eskainiz.
 

Dernières nouvelles

Euskal Herriko Ikastolen aldeko Tanta zozketaren zenbaki saritua 69.834 izan da, eta txartelaren jabea azaldu da jada
Ikastolen mugimenduak herri ekimenaren, elkarlanaren eta eraldaketa sozialaren balioak aldarrikatu ditu hasiera ekitaldian
Euskal Herriko Ikastolek babesa eta aitortza adierazi diete bihar Matematikako azterketa euskaraz egingo duten ikasleei, urrats horrek etorkizuneko belaunaldientzat bide berriak irekitzen dituela azpimarratuz