Gaur, maiatzak 31, Bizkaiko Ikastolen jai handia ospatzen ari da Bilbon, Kirikiño Ikastolak antolatuta eta "HIRI KIRIBILI BIL!" lelopean. Jaialdiak hezkuntza-komunitatearen konpromiso kolektiboa eta indar eraldatzailea jarri ditu erdigunean, Bilbo Handia eremu estrategikotik euskara eta euskal kultura herri osoan ehuntzen jarraitzeko eta adin guztietarako egitarau oparo baten bidez gozatzeko.
Txurdinagako kaleak eta Bilboko txokoak jendez eta ilusioz bete dira gaur 2026ko Ibilaldia ospatzeko. Kirikiño Ikastolako komunitateak hilabeteetako lan fina eta auzolana borobildu ditu gaurkoan, hiriburuan euskararen transmisioa ziurtatzeko duten hamarkada luzeetako ibilbide oparoa agerian utziz.
Hasiera ekitaldi instituzionalean gizarteko eta politikako ordezkari ugari bildu dira. Agintari eta hautetsi ugari ere bai, Bizkaiko ahaldun nagusia Elixabete Etxanobe, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakariordea eta Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburua buru zirela. Bizkaiko eta Euskal Herriko ikastoletako komunitateen ordezkariak ere han izan dira: Ikastolen Elkarteko lehendakari Nekane Artola eta Artezkaritza Kontseiluko eta Zuzendaritza taldeko kideak, bai eta ikastoletako ordezkariak ere. Guztiak joan dira Kirikiño Ikastolako komunitateari babesa ematera.
"Gaurko hasiera ekitaldi honetako kultur adierazpen guztiak —abesbatza, dantzariak, musikariak eta bertsolariak— gure ikastolako kideek eskaini dituzte, hori baita gure benetako altxorra: Txurdinagan, Santutxun, Otxarkoagan, Begoñan, Boluetan eta Bilbo osoan hezkuntza, euskara eta euskal kulturaren aldeko familiak izatea", adierazi du Haizea Etxebestek, Kirikiño Ikastolako lehendakariak.
Etxebestek gogoan izan ditu duela 49 urte proiektua auzolanean abiatu zuten ameslariak. Bost hamarkada geroago, "erronka zahar berrituak" mahai gainean direla, elkarlanean eta urrats sendoekin ametsak egia bihurtzen jarraitzeko deia egin du.
Lau ikastola, lau birika Bilborentzat
Bestalde, Josu Telleriak, Ibilaldia Kultur Elkarteko lehendakariak, Kirikiño ez ezik, Harrobia, Urretxindorra eta Abusu ikastolen lana ere goraipatu nahi izan du. "Lau ikastola, lau birika, hiri honi euskaraz arnasteko aukera ematen diotenak", esan du. Telleriaren hitzetan, Bilbo eta Bilbo Handia eremu estrategikoak dira euskararen etorkizunerako, eta ikastolek herri ekimenetik euskal hezkuntza eredua hiriburuaren bihotzean tinko mantentzeko bokazio argia dute.
Erakunde publikoen eta herrigintza autoantolatuaren arteko indarrak batzeko beharra azpimarratu du Telleriak, euskararen biziberritzean jauzi berri bat egiteko. Norabide horretan, euskaltzaleak hurrengo hitzordu nagusietan parte hartzera deitu ditu: ekainaren 13an Iruñean ospatuko den euskaltzaleon martxan , eta hamabost egun barru Amurrion izango den Araba Euskaraz jaian.
Bizkaiko ikastolen jai handiak argi utzi du Ikastolen mugimendua bizi-bizirik dagoela eta Euskal Herri osoa euskaraz josten jarraitzen duela, egunero biharko gizartea eraikiko duten herritar kontzienteak heziz.
Ibilbide bat, hiru gune
Ibilaldia jaia ospatzeko gaurko ibilbidea hurbilekoa, irisgarria eta jasangarria da, hiru gune nagusitan banatua eta askotariko eskaintzaz hornitua:
- Zuhatzuko eta Gabriel Arestiko Patioak (Ikastola): Goizetik hasi da festa Gaztedi Dantzari Taldearekin, Tor Magoarekin eta Go!azen taldearekin. Kirikiño Ikastolako abesbatza, bertsolariak, eta EzEzEz zein Gozategi taldearen kontzertu indartsuak izango dira gune honetako protagonistak.
- Europa Parkea: Adin guztietarako espazio berdea da. Bertan, Erronka eta herri kirolez gain, Kirikiño Dantza Taldea, Txerokiak, Lehian erromeria eta DJ Kaktus arituko dira giroa jartzen, Paella Erraldoi batekin batera.
- Kiroldegia: Musikaz eta ekintzaz beteriko eremua, Salbatzaile, Samasiku Fanfarria, Pakemba, Txapelpunk eta DJ Bullen eskutik, baita EITB Conquis dorrearen abentura gunearekin ere.
Egun osoan zehar, kaleak alaitzen Samasiku fanfarria, Erraldoiak eta Txistulariak ibiliko dira, Bilbo osoari gure hizkuntza eta kulturaren poza zabalduz.