Euskal Herriko ikastoletako ikasleek JUUL Kanpainako hauteskunde literarioen eguna ospatu dute, apirilaren 23an, Liburuaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez. Haur Hezkuntzatik Batxilergora bitarteko milaka gaztek euren euskarazko liburu eta, kasu askotan, ilustratzailerik gogokoenari eman diote botoa gaurko saioan.
Aurtengo edizioan, guztira 47 ikastolak hartu dute parte Euskal Herri osoko ikastolen sare zabalaren isla. Ikastoletan euskarazko liburuentzat 14.817 boto eman dira, eta 8.251 ikaslek parte hartu dute ilustratzaileen kategorian. Datu horiek agerian uzten dute ikasleen inplikazio handia eta euskarazko irakurzaletasunak ikastolen komunitatean duen indarra.
JUUL Kanpaina ikastoletan egiten diren euskarazko irakurtzeko zaletasuna bultzatzeko jardueren artean kokatzen da, eta ikasleak benetako protagonista bihurtzen ditu. Euren gustuko liburuak aukeratzeaz gain, hauteskunde-mahaietan lehendakari, mahaikide eta idazkari lanetan aritu dira, hauteskunde-prozesu baten nondik norakoak modu praktikoan ikasiz eta parte-hartze demokratikoa biziz.
Bozketa bi eratara egin da: boto-txartela erabiliz eta bozketa elektronikoaren bidez. Bereziki gazteen artean zabaldu da sistema elektronikoa, eta parte-hartzaile askok bi aukera baliatu dituzte, bai libururik gogokoena, bai ilustratzailerik gustukoena bozkatuz. Emandako boto elektronikoen kopuru handiak zenbait unetan arazo tekniko txikiak eragin baditu ere, unean bertan konpondu dira eta bozketa normaltasun osoz gauzatu da.
JUUL webguneak, bozketa elektronikorako plataformaz gain, irakasleentzako irakurketa sustatzeko baliabide ugari biltzen ditu. Horrela, hauteskunde eguna baino harago, urte osora zabaltzen da kanpainaren eragina ikastoletako irakurketa-proiektuetan.
Azken urteotan bezala, bozkatuen izan diren idazleei zein ilustratzaileei Nafarroako Ikastolen Elkarteak aitorpen berezia egingo die ikasturte amaiera aldean, ekitaldi berezi baten bidez. Aurten, gainera, JUUL saria Celia Eslava artista nafarrak sortutako lan artistiko batek irudikatuko du, NIEk saridunei banatuko diena.
Ikastolen Elkarteak eskerrak eman nahi dizkie ikastola guztietako ikasle, irakasle eta JUUL arduradun guztiei, beraien konpromisoari esker posible izan baita hainbeste ikastolatan egun berezi hau ospatzea. Era berean, aurten bozkatuen izan diren liburuen egileak eta ilustratzaileak ere zoriondu ditu, ikasleen boto eta atxikimendua jasotzea aintzatespen berezia delako.