Aller au contenu principal

Euskararen biziberritzerako, nahiz euskarak herri kohesiorako elementu izaten jarrai dezan, estrategia eta baliabide berriak garatu behar direla jakitun, murgiltze eredua birdiseinatuko dute Ikastolek, hezkuntza formaletik harago eredu integralago bat garatzeko. Horren berri eman dute gaur, Donostian, Ikastolen 30. Jardunaldi Pedagogikoen hasieran.

“Murgiltze Eredua birdiseinatzeko prozesua abiatuko dugu Euskal Herriko Ikastolek; erronka berriei aurre egiteko erantzun berriak lantzeko, Ikastoletatik abiatuta, baina Euskal Herriko hezkuntza sistema guztiak ortzimugan ditugula. Gure egitekoa ez da soilik gure ikastoletan haurrak heztea; euskal hezkuntzan eragitea ere badagokigu, herri ikuspegiz eta elkarlanerako borondate zintzoarekin. Horregatik prozesu hau Euskal Herri osoko aditu eta eragile ezberdinekin elkarlanean egingo dugu”, esan dute Ikastolen Elkarteko, Seaskako eta Nafarroako Ikastolen Elkarteko hezkuntza zuzendariek, jardunaldien hasierako hitzaldian.

Eskola, familia eta gizartea

Ikastolen arabera, murgiltze eredu berriak hezkuntza formalaren, ez-formalaren eta informalaren arteko zubiak eraiki behar ditu. Helburu izanik euskal hiztun aktiboak heztea testuinguru soziodemografiko berrian eta ez soilik euskaraz irakastea: euskara bizitzeko, gozatzeko eta transmititzeko gai diren pertsonak hezi behar dira. 

“Murgiltze eredu berriak hezkuntza formalaren mugak gainditu behar ditu. Ez da nahikoa euskaraz irakastea. Euskal kontzientzia piztu, euskal dimentsioarekiko atxikimendua lortu, hizkuntza gaitasuna ziurtatu eta euskara erabiltzeko espazio erosoak sortu behar ditugu, bai ikasgelan eta bai ikasgelatik kanpo”, azaldu dute.

Lan horretan, Ikastolek ezinbesteko aliatutzat jotzen dituzte aisialdiaren esparruko eragileak, erakunde publikoak eta guraso antolatuak. Guztiak, betiere, tokian tokiko errealitate soziolinguistikoetara egokituta.

Aldaketak eta erronkak

Ikastolen arabera, hezkuntza eremu estrategikoa izan da azken hamarkadetan euskararen biziberritze prozesuan. 1960ko hamarkadan abiatutako auzolan herrigile eta euskaltzaleak jarri zuen herri, kultura eta hizkuntza biziberritzeko bidean, eta auzolan horretan hezkuntzak funtsezko papera izan du.

Gizartea, ordea, azkar aldatzen ari da. Globalizazioak, digitalizazioak eta harremanetarako modu berriek, bilakaera soziodemografikoekin batera, ikasgeletara iristen diren errealitate ezberdinak sortu dituzte. Testuinguru horretan, Ikastolek uste dute orain arte egindakoa errepikatzea ez dela nahikoa euskararen biziberritzean aurrera egiteko.

Momentua iritsi zaigu orain arte egindako bidearen indargune eta ahulguneei zorrotz erreparatzeko, gaur egun esku artean ditugun erronka berriak aztertzeko eta aurrera begirako estrategiak anbizioz eta herri ikuspegiz diseinatzeko”, adierazi dute.

Elkarlanerako deia

Ikastolen ustez, gaurko jardunaldiek ez dute soilik arazoen diagnostikoa egiteko balio. Erantzun berriak partekatzeko, ikastolen arteko elkarlana indartzeko eta beste hezkuntza sare eta eragileekin lankidetzarako bideak urratzeko esparrua dira. Izan ere, euskalduntzearen inguruko eztabaida iritsi da hezkuntzara eta atzera egin nahi dutenen aurrean “herri ikuspegiz eta determinazioarekin euskalduntze ereduan sakontzeko” deia egin dute Ikastolek.

“Gure herriak jakin zuen duela hirurogei urte herri, hizkuntza eta kultura bat biziberritzeko bidean jartzen. Guk ere, XXI. mendeko euskaldunok, ez diogu huts egingo gure garaiko erronkari. Elkarrekin egingo dugu, Euskal Herri osoaren aniztasuna aintzat hartuta eta anbizioz”, esan dute Ikastolek.

Jardunaldietako hitzaldiak

Ikastolen 30. Jardunaldi Pedagogikoek Donostiako Kursaalen jarraituko dute gaur egun osoan. Euskal Herriko eta nazioarteko aditu eta erreferenteek parte hartuko dute, murgiltze ereduaren egungo erronkak eta etorkizuneko bideak aztertzeko.

Inaugurazio hitzaldia Iñaki Iurrebasok eskainiko du, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) ikerketa arduradunak. “Gizarteak eskola baldintzatzen du, eskolak gizartea eraldatzen du. Hezkuntzaren ekarpenak, mugak eta erronkak euskararen indarberritzean” izenburupean, hezkuntzaren eta euskararen indarberritzearen arteko harremana aztertuko du.

Ondoren, Kike Amonarriz soziolinguistak “Ikasgelatik eta ikastetxetik harago: zer?” izenburuko hitzaldia egingo du. Ikasleak euskal hiztun aktibo bihurtzeko eta hezkuntza formalaren, ez-formalaren eta informalaren arteko loturak indartzeko ikastetxeek zer egin dezaketen aztertuko du. Familiek eta aisialdiak euskararen erabilera sustatzeko duten garrantzia ere landuko du.

Harrera estrategien inguruko bigarren blokean, Anna Forés irakasle-ikertzaileak, Bartzelonako Unibertsitateko Neurohezkuntza Katedrako zuzendariak, hizkuntzaren ikaskuntzan eta inklusio-prozesuetan ikasleen ongizate emozionalak duen garrantzia aztertuko du. Vicent Climent-Ferrandok, berriz, hizkuntza gutxituek presentzia eta erabilera benetako aukerak izan ditzaten beharrezkoak diren baldintza sozial eta instituzionalak landuko ditu.

Euskararen erabilera helburu, Letizia Garciak, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakasle-ikertzaileak, hizkuntzaren irakaskuntza-prozesuan funtsezkoak diren hiru ardatz aztertuko ditu: gaitasuna, atxikimendua eta erabilera.

Azkenik, Siwan Jonesek Galeseko esperientzia aurkeztuko du. Hizkuntza gutxitu baten ikaskuntza eta erabilera sustatzeko garatutako estrategia integrala azalduko du, lege-esparrua, erreferentzia-markoa eta inplementazioaren adibide zehatzak kontuan hartuta, murgiltze ereduaren perspektiba integraletik.
 

Dernières nouvelles

Azaroaren 18an izango dira, Donostiako Kursaalen. Izen-ematea zabalik dago ikastolak.eus webgunean.
DBH-n hasiko da ahalduntzera bideratutako ikaste esperientzia berriaren inplementazioa datorren ikasturtean.
Nafarroa Oinezen “elkarlan eta elkartasun ariketa kolektiboa” balioetsi dute Erentzun eta San Fermin ikastolek