Aller au contenu principal

LAZKAO, 2026ko urriaren 4a. Abiatu dute Kilometroak jaia Lazkaon, euskararen, euskal kulturaren, ikastolen eta herri ekimenaren aldeko aldarri argiarekin. Aurtengoa Kilometroak jaiaren 50. edizioa izanik, hasiera ekitaldiak protagonismo berezia eman die Gipuzkoako ikastolen ibilbideari eta bost hamarkadatan zehar jai hau posible egin duten ikastola-komunitate guztiei.

Ekitaldian Euskal Herriko ikastolen ordezkariak izan dira, erakunde publikoetako, alderdi politikoetako eta gizarte, euskara eta kulturako ordezkari ugarirekin batera. Besteak beste, hitza hartu dute Lazkaoko Ikastolako lehendakari Irantzu Amundarainek, Lazkaoko alkate Kepa Zubiarrainek, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Begoña Pedrosak, Gipuzkoako diputatu nagusi Eider Mendozak eta Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakari Aitor Elizaranek.

“Murgiltze-ereduan sakontzeko garaia da, ez hura zalantzan jartzekoa”

Aitor Elizaranek, Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakariak, 50 urte hauetan Kilometroak jaiak egindako ekarpena nabarmendu du. Bere hitzetan, jaiak “euskararen, euskal kulturaren eta Euskal Herriaren aldeko tresna” izan dira, eta herri ekimenaren zein elkarlanaren adierazgarri bihurtu dira.

Elizaranek eskerrak eman dizkie Josu Erguini, lehen Kilometroak antolatzeko eredua ekarri eta martxan jarri zuelako, eta Antton Mendizabal eskultoreari, orain arte erabilitako Kilometroen lekukoa diseinatzeagatik. Era berean, Gipuzkoako ikastolei eta Euskal Herriko ikastolen komunitateari aitortu die bost hamarkadatan jaiaren atzean egindako lana.

Kilometroak jaiak gizartearen aldaketetara egokitzeko izan duen gaitasuna ere azpimarratu du Elizaranek. “Aurtengo jaiak ez du zerikusirik lehen edizio harekin, eta hori gure indarguneetako bat da”, adierazi du. Haren esanetan, jaiaren forma aldatu bada ere, hasierako helburuek eta printzipioek indarrean jarraitzen dute.

Bestalde, azken asteotan PISAren emaitzen aitzakian murgiltze-eredua zalantzan jartzeko egindako saiakerak kritikatu ditu. “Murgiltze-ereduan sakontzeko garaia da, ez hura zalantzan jartzekoa”, esan du. Elizaranen arabera, “euskara da gure herria josten duen haria eta herri-kohesiorako bermea”, eta euskal hezkuntzak zein euskal gizarteak euskara “gehiago behar eta nahi dute”.

Ildo horretan, jauzia hezkuntza-komunitateak, herri-eragileek eta erakunde publikoek elkarrekin eman behar dutela adierazi du. “Atzera pausoak eman nahi dituztenen aurrean, herri gisa indarrez aurrera egiteko unea da”, gaineratu du.

“Ibilian-ibilian, bueltan da Kilometroak Lazkaon”

Irantzu Amundarainek, Lazkaoko Ikastolako lehendakariak, bere ibilbide pertsonala ekarri du gogora hasiera ekitaldian, ia bizitza osoa Lazkaoko Ikastolari lotuta egin baitu: lehenik ikasle gisa, ondoren guraso moduan eta azken urteotan artezkaritzako kide gisa.

Amundarainek gogorarazi du Lazkaon 1977an, 2003an eta 2021ean ere hartu zutela parte Kilometroak ekimenetan. Horregatik, gaurko eguna “benetan hunkigarria” izan dela azaldu du, bai berarentzat, bai ikastola-komunitateko kide askorentzat.
Bere hitzaldian, ikastolen jatorria ere nabarmendu du: herritik eta gurasoen ekimenetik sortutako proiektuak direla gogorarazi du, euskaraz ikasteko eskubidean sinetsi zutenen ahaleginari esker. “Diru eta baliabiderik gabe aurrera eramandako proiektuak izan ziren ikastolak, baina errealitate bihurtu ziren”, esan du.

Amundarainek, halaber, ikastolen eta Kilometroak jaiaren jardunak “izpiritua eta sinesmena” behar dituela azpimarratu du. Herria maitatzea, euskaraz bizitzea eta euskal identitatearen alde harrotasunez egitea aldarrikatu du, eta Kilometroak 2026 “aro berri eta emankor baten hasiera” izatea nahi duela adierazi du.

Azkenik, urte osoan zehar lanean aritu diren boluntario guztiak eskertu ditu. Gaurko jaia aurrera eramateko ia 1.000 lagunek parte hartuko dutela nabarmendu du, auzolanean eta helburu partekatu baten alde.

Gipuzkoako 31 ikastolak oholtzan

50. ekitaldiaren karietara, Gipuzkoako ikastola guztietako ordezkari bana igo da oholtzara. Guztira, 31 ordezkarik hartu dute parte une horretan, Gipuzkoako ikastolen sareak azken bost hamarkadetan egindako ekarpena aitortzeko.

Ekitaldiaren barruan, Lazkaoko Ikastolako eta datorren urteko antolatzaile izango den Aranzadi Ikastolako ordezkariak ere igo dira oholtzara, Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakariarekin eta lekuko berriaren egilearekin batera.

Kilometroen lekuko berria ere aurkeztu dute. Orain arteko lekukoa Antton Mendizabal eskultoreak egina zen. Hemendik aurrera, berriz, Gotzon Huegun artistak sortutako pieza izango da ikastolaz ikastola ibiliko dena.

Lekuko-aldaketa ekitaldiaren une nagusietako bat izan da. Lazkaoko Ikastolak Bergarako Aranzadi Ikastolari eman dio lekukoa, datorren urteko Kilometroak jaiaren antolatzaileari.

2027ko Kilometroak, Bergaran

Aranzadi Ikastolak gogoz eta ilusioz hartu du 2027ko jaia antolatzeko ardura, bai Kilometroak egunari begira, bai urte osoan zehar garatuko dituen beste hainbat proposamen eta ekimeni begira.

Lekuko berria Bergarara eramanda, Kilometroak jaiaren ibilbideak aurrera egingo du, ikastolaz ikastola eta herriz herri.

Egun osorako egitaraua

Hasiera ekitaldiaren ondoren, Ikastolen aldeko jaiak egun osoan zehar gozatzeko eta parte hartzeko egitarau zabala eskaintzen du. Lau gune nagusi atondu dituzte herrian: Ikastola/plaza, Iturrialdea, Lazkao Txiki plaza eta Gurutze auzoa.

Gune horietan 30 ekitalditik gora egingo dira egun osoan zehar. Besteak beste, Gozategiren emanaldia, Go!azen telesailaren ikuskizuna, puzgarriak, Nafarroa1512 taldea eta Eider Saezen kontzertua izango dira.

Aurtengo egitarauan, gainera, Lazkaoko Ikastolako euskara taldeko ikasleek prestatutako Denboraren tunela egitasmoa dago. Jai-eremuan bost tunel jarri dituzte, hamarkadaka banatuta. Tunel bakoitzean hamarkada horietako Kilometroak jaien inguruko informazio-panelak daude, bisitariek 50 urteko ibilbidea ezagutzeko.

Seigarren tunel batek, berriz, etorkizunera begiratzen du, datozen urteetako Kilometroak irudikatzeko. Horrela, ikasleek iragana ezagutu, oraina ospatu eta etorkizunari buruz hausnartzeko proposamena egin dute.
 

Dernières nouvelles

Le scénariste Unai Sourceaga et le dessinateur Alex Sanvi mettent le Filleul à la recherche de l'identité de la revue de bande dessinée Xabiroi
Euskal Herriko Ikastolek argitu dute PISAren datuek garbi erakusten dutela euskara ez dela irakurmenean 2022tik 2025era izandako jaitsieraren erantzulea.
Ikasturte honetarako hainbat erronka mahai gainean jarri dituzte, baina guztien artean euskalduntzen duen hezkuntza bermatzea kokatu dute lehentasunezko erronka gisa