Aller au contenu principal
Elia irudiaItzulpen automatikoa

Apirilaren 25ean, Arrasatek euskarazko sormen jaialdi berezi bat hartuko du: Piztu Plaza. Ikastolen Elkarteak bultzatuta eta Batxilergoko zein Lizeoko ikasleen protagonismo osoarekin, egun osoko egitaraua eskainiko da 10:00etatik 19:00etara, herriko plazak eta gune kulturalak gazte sortzaileen eszenatoki bihurtuz. 

Ekimenaren helburu nagusia egungo euskal kulturaren plaza astintzea da, euskarak eta euskal kulturak jauzi bat eman ahal izateko baldintzak sortzeko. Sorkuntza artistikoa baliatuz, gazteak ikusle pasibo izatetik sortzaile aktibo izatera igaro daitezen bultzatu nahi da, euskararen transmisioan eta gizarte‑eraldaketan ahotsa eta erantzukizuna hartuz.

“Piztu Plaza ikastolen mugimenduak euskararen eta euskal kulturaren alde egiten duen apustu estrategiko baten adierazpena da. Gazteei protagonismoa eman eta euskarazko sormena erdigunean jarri nahi ditugu. Plaza egitasmoarekin argi erakutsi nahi dugu gazteak ez direla soilik etorkizuna; oraina ere badira. Gaur, ikastolen, ikasleen eta sortzaileen arteko aliantza indartsu batekin, euskaraz sortu eta plazara ateratzeko baldintzak eskaintzen ari gara, eta gazteek erakusten ari dira aukera hori aprobetxatzen dakitela”.
NEKANE ARTOLA, Ikastolen Elkarteko lehendakaria.

Jaialdiaren muina ikasleek prestatutako emanaldiak izango dira:
•    Aranzadi Ikastola (Bergara): antzerkia
•    Bernat Etxepare Lizeoa (Baiona): antzerkia eta dantza
•    Azpeitiko Ikastola: elektrotxaranga
•    Ander Deuna Ikastola (Sopela): musika kontzertua
•    Arizmendi ikastola: Almen Ikastola (Aretxabaleta) eta Gaztelupe Ikastola (Arrasate): girotze orokorra eta aurkezpen lanak

Ikasturte osoko prozesu baten emaitza da Piztu Plaza: urritik aurrera ikasle taldeek proiektuan izena eman, otsailetik martxora kultur eragile profesionalekin sormen‑tailerrak jaso, eta hilabeteotan lan eta entsegu autonomoa egin dute euren emanaldiak prestatzeko. Tailer horietan, antzerkigile, musikari eta dantzariekin aritu dira ikasleak, baina azken erabakiak eta eszenaratze osoa gazteen esku egon da, haiek baitira prozesuaren eta jaialdiaren benetako eragileak.

Piztu Plaza ikasleentzat diseinatutako jaialdia bada ere, publiko zabalari irekia izango da: Arrasateko plazak, parkeak eta aretoak —Biteri plaza, Monterron parkea, Amaia antzokia, Kulturola tunela, besteak beste— herritar guztientzako kultur topaleku bihurtuko dira. Helburua da euskarazko sorkuntza gazteengandik komunitate osora zabaltzea, eta aldi berean Euskal Herriko ikastolen arteko saretzea sendotzea.

Ikastolen Elkartearen ikuspegitik, Piztu Plaza lehen urratsa baino ez da: aurten garatuko den proba pilotua datozen urteetan indartu eta zabaldu nahi du Ikastolen mugimenduak. Euskal kulturgintza indartu eta ikastolak euskal sorkuntzaren plaza eta laborategi gisa sendotuz. 

Ikastolen Elkarteak eta antolatzaileek eskerrak eman nahi dizkiete jaialdi hau posible egiten lagundu duten erakunde eta enpresei, zehazki, Arrasateko Udalari eta Ausolan Kooperatibari emandako laguntza eta babesagatik. Horrez gain komunikabide guztiak gonbidatzen dituzte Piztu Plaza jaialdia jarraitzera eta gazteek euskaraz egiten ari diren lan ikaragarria ikusgarri bihurtzen laguntzera.

EGITARAUA

HERRIKO  PLAZA
11:00   Hasiera ekitaldia  Almen eta Gaztelupe Ikastolak
11:30   Elektrotxaranga  Azpeitiko Ikastola
18:45   Musika kontzertua  Ander Deuna Ikastola
19:00   Amaiera ekitaldia  Almen eta Gaztelupe Ikastolak

BITERI  PLAZA
12:00   Antzerkia Aranzadi Ikastola
12:30   Antzerki musikatua  Etxepare Ikastola
13:00   Elektrotxaranga  Azpeitiko Ikastola

KULTUROLAKO TUNELA
14:00   Herri Bazkaria
16:30   Inprobisazio dinamikak
 

Dernières nouvelles

Baxoa euskaraz egiteko eskubidea berehala ezartzeko eskatu dute hezkuntza eragileek

Azaldu dutenez, euskarazko irakaskuntzak geldialdi nabarmena bizi du Ipar Euskal Herrian, eta neurri ausartak behar dira ikasleek hezkuntza ibilbide osoan euskaraz jarraitzeko
Ikastolen mugimenduak antolatuta, muga eremuko ikastoletako ikasleek eta ikastolen jaien antolaketan arituko diren gazteek partekatu dituzte egun osoko jarduerak eta hausnarketak.

Ikastolen Elkarteak ez du jarraituko ‘Eskola Bikaina Denontzat’ prozesuan, honen bilakaera ikusita

Segregazioaren eta inklusioaren erronkei erantzun partekatuak bilatzeko prest gaude, behetik gorako, garden eta parte hartzaile den prozesu batean. Bitartean, ikastolek lanean jarraituko dugu: sarbide unibertsala egikaritzen…