Pasar al contenido principal

30. Jardunaldi pedagogikoak

Hezkuntzatik euskara biziberritzeko eta murgiltze eredua indartzeko egin beharreko aurrera urratsak, zein dira? 

Euskal Herriko eta nazioarteko aditu eta arituen eskutik, egungo egoera aztertu eta, erronka berrien aurrean, hezkuntzatik garatu beharreko estrategiak partekatuko ditugu.


Ingelesetik euskarara itzulpena beharko dut
Prezioa: 20,00 €
Prezioa: 50,00 €

Egitaraua

Dokumentazio-banaketa.

Jardunaldiaren irekiera ofiziala.

Harrera instituzionala.

Inaugurazio-hitzaldia | Gizarteak eskola baldintzatzen du, eskolak gizartea eraldatzen du. Hezkuntzaren ekarpenak, mugak eta erronkak euskararen indarberritzean
Iñaki Iurrebaso, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea (UEMA).

1. ERRONKA | Ikasgelatik eta ikastetxetik harago: zer?
Kike Amonarriz, soziolinguista.

Nola lortu ikasleek euskara ikasteaz gain, euskaraz hitz egin eta hizkuntzaz gozatu dezaten ikastetxean zein ikastetxeaz kanpoko bizitzan?

Kike Amonarrizek, ikasleak euskal hiztun aktibo bihurtzeko eta hezkuntza formalaren, ez-formalaren eta informalaren arteko loturak indartzeko ikastetxeek zer egin dezaketen aztertuko du. Bereziki, familiek eta aisialdiak euskararen erabilera sustatzeko duten garrantziaz arituko da. Horretarako, familien inplikazioa sustatzeko bideak eta herriko aisialdi-, kirol- eta kultura-eragileekin elkarlanean aritzeko aukerak landuko ditu, euskaraz bizitzeko eta gozatzeko espazio berriak sortzeko helburuarekin. Gainera, beste esperientzia batzuetako kasu praktikoak eta adibide esanguratsuak partekatzen saiatuko da, ikastetxetatik abian jar daitezkeen ekimenak eta estrategiak irudikatzeko.

Kafea eta atsedenaldia.

2. ERRONKA | Errealitate demografiko berriak: harrera eta murgiltze-estrategiak.

Bi ikuspegi osagarri

Erronka hau bi ideia nagusiren inguruan antolatzen da. Alde batetik, pertsona batek hizkuntza berri batera hurbiltzeko, hura ikasteko eta erabiltzeko prest eta motibatuta egon behar du. Bestetik, gizarteak hizkuntza hori erabiltzeko eta komunitatearen parte sentitzeko aukerak eskaini behar dizkio.

Horretarako, bi hizlariren ekarpenak izango ditugu:

Harreratik murgiltzera: ongizatearen garrantzia ikasle etorri berrien inklusioan

Anna Forés, Universitat de Barcelona (UB).

Zer behar du pertsona batek hizkuntza berri batera hurbiltzeko, hura ikasteko eta komunitatearen parte sentitzeko?

Anna Forések etorri berrien harrera-prozesuak ikuspegi psikosozialetik aztertuko ditu, inklusio linguistikoa, kulturala eta akademikoa ardatz hartuta. Bereziki, ikasleen ongizate emozionalak hizkuntzaren ikaskuntzan eta inklusio-prozesuetan duen garrantzia landuko du, ongizatea funtsezko baldintza baita ikasle etorri berriek hizkuntza eta kultura berriarekiko atxikimendua garatzeko.

Hizkuntza gutxituen erabilera hizkuntza-aniztasuneko testuinguruetan

Vicent Climent-Ferrando, Universitat Pompeu Fabra (UPF).

Zer baldintza behar ditu gizarteak pertsona horrek hizkuntza hori erabiltzeko eta gizartean erabat parte hartzeko aukera izan dezan?

Vicent Climent-Ferrandok hizkuntza-aniztasuneko testuinguruetan hizkuntza gutxituek presentzia eta erabiltzeko benetako aukerak izan ditzaten beharrezkoak diren baldintza sozial eta instituzionalak aztertuko ditu. Bereziki, hiru alderdi landuko ditu: hizkuntza-politikak eta erakundeen erantzukizuna; gizarte-jarrerak eta interakzio-guneak; eta hizkuntzen presentzia, parte-hartzea eta eguneroko erabilera sustatzeko behar diren baldintzak.

Bazkaria.

3. ERRONKA | Gaitasuna eta atxikimendua lantzea, erabilera helburu hartuta
Letizia Garcia, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea (HUHEZI).

Hitzaldi honetan, hizkuntzaren ikaskuntza-prozesuan funtsezkoak diren hiru ardatzak aztertuko dira: gaitasuna, atxikimendua eta erabilera. Hiru ardatzen arteko elkarreragina landuko da, hizkuntzaren ezagutza garatzeko, hizkuntzarekiko eta kulturarekiko pertenentzia-sentimendua eta lotura afektiboa sendotzeko, eta eguneroko komunikazio-egoeretan euskararen erabilera sustatzeko.

Helburua, hizkuntza-gaitasuna eta euskararekiko atxikimendua eguneroko erabilerarekin lotzea da, ikasleak eguenroko bizitzan euskaraz komunikatzeko eta harremanak eraikitzeko.

ESPERIENTZIA | Hizkuntza gutxitu baten biziberritzea: ikaskuntzatik eguneroko erabilerara arteko estrategia integrala (Galesko kasua)
Siwan Jones, Galesko hezkuntza- eta hizkuntza-politiketan aholkularia.

Hitzaldi honetan, Galesko esperientzia abiapuntu hartuta, hizkuntza gutxitu baten ikaskuntza eta erabilera sustatzeko garatutako estrategia integrala aurkeztuko da.

Horretarako, indarrean dagoen lege-esparrua eta erreferentzia-markoa aztertuko dira, baita estrategia hori hezkuntza formalaren bidez —murgiltze-ereduaren bitartez— eta hezkuntza ez-formalaren eta informalaren esparruetan —tokiko eragileen eta erakundeen inplikazioaren bidez— garatzeko mekanismoak ere.

Azkenik, estrategia horren aplikazioaren adibide eta esperientzia zehatzak aurkeztuko dira, beste testuinguru batzuetan baliagarriak izan daitezkeen ikaskuntzak eta jardunbideak identifikatzeko.

Jardunaldien itxiera.


Testuingurua

Euskararen biziberritzerako arlo estrategikoa da hezkuntzaren sektorea. Bete-behar horri erantzuteko estrategien inguruan hausnartuko dugu Ikastolen 30. Jardunaldi Pedagogikoetan. Herri erronka berriak ditugu eskuartean, eta elkarrekin hausnartzeko topagune izango dira.

Euskalduntzearen inguruko eztabaida hezkuntzaren esparrura iritsi da eta horrek agerian utzi du euskal hezkuntzak bat eginda aurrera urratsak egiteko premia. Murgiltze eredua defendatu ez ezik, birpentsatu eta indartzeko bideak esploratuko ditugu jardunaldietan; baita euskarak herri kohesiorako elementu izaten jarrai dezan garatu beharreko estrategia eta baliabide berriak ere, errealitate soziolinguistikoa aldatzen ari den honetan.

Orain arte egindako bidearen indargune eta ahulguneei erreparatu, gaur egun esku artean ditugun erronkak aletu eta, erronka horien baitako estrategiak mahaigaineratzeko eta horien lurreratze pedagogikoa aztertzekoabagunea eskainiko digute aurtengo jardunaldiek. Euskal Herriko eta nazioarteko erreferente, aditu eta arituen eskutik egingo dugu bidea.

 

izar erdia ikurra

Erronkak identifikatzea

Gaur egungo testuinguruan hezkuntzak euskararen ezagutzan, erabileran eta transmisioan dituen erronka nagusiei erreparatzea.

izar luzea ikurra

Esperientziak eta ezagutzak partekatzea

Euskalduntze-prozesuan lagungarri diren praktika eta esperientzia pedagogikoak ezagutzea.

gezi luzea ikurra

Estrategiak aztertzea

Ikasleen euskarazko gaitasuna eta hizkuntza-erabilera sustatzeko hezkuntza-estrategietan sakontzea.

gezi motza ikurra

Jardun pedagogikoa indartzea

Hezkuntza-komunitatearen arteko lankidetza eta gogoeta sustatzea, euskaraz bizitzeko eta ikasteko aukerak zabaltzeko.

 

 


Hizlariak

Iñaki Iurrebaso Biteri

Iñaki Iurrebaso Biteri

Soziolinguista eta UEMAko ikerketa-teknikaria

Hitzaldia

Gizarteak eskola baldintzatzen du, eskolak gizartea eraldatzen du. Hezkuntzaren ekarpenak, mugak eta erronkak euskararen indarberritzean.

Iñaki Iurrebaso soziologian doktorea da, eta euskararen egoera sozialaren, bilakaeraren eta indarberritzearen azterketan espezializatutako ikertzailea.

Bere doktorego-tesian, euskararen egoera demolinguistikoa aztertzeko eta hizkuntza-gutxituen bilakaera ulertzeko tresna metodologikoak landu ditu, Euskal Herriko errealitateari arreta berezia eskainiz. Bere ibilbide profesionalean, Donostiako Udalean eta Aztiker Ikergunean aritu da, eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaile ere izan da.

Gaur egun, UEMAko ikerketa-teknikaria da. Bere jardunean, euskararen egoerari buruzko datuak aztertzen ditu, hizkuntza-gaitasunaren, erabileraren eta hizkuntzarekiko atxikimenduaren arteko harremanak hobeto ulertzeko. Ikerketa soziolinguistikoaren bidez, euskararen bilakaerari buruzko diagnostikoak egiten eta hizkuntzaren indarberritzerako estrategiak hausnartzen laguntzen du.

Hitzaldian, egungo hezkuntza-sistemak zer-nolako euskaldunak sortzen dituen aztertuko du, eta emaitza horietatik abiatuta etorkizuneko erronka nagusiei helduko die.

 

Kike Amonarriz

Kike Amonarriz

Soziolinguista

Hitzaldia

Ikasgelatik, ikastolatik/eskolatik atera ostean zer?

Kike Amonarriz Euskal Filologian lizentziatutako soziolinguista, umorista eta telebista-aurkezlea da. Bere ibilbidea soziolinguistikaren eta euskararen biziberritzearen inguruan ardaztu du eta une honetan, besteak beste, ETB1-en emisioan dagoen Tribuaren Berbak telebista saioan lanean ari da. Euskaltzain urgazle izendatu zuten 2021ean, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Anton Abbadia Saria jaso zuen 2015ean, euskarari egindako ekarpenarengatik.

Tolosako gau-eskolan irakasle, Tolosaldea Birreuskalduntzeko Elkartearen partaide eta Tolosako Udaleko Euskara Zerbitzuburua izan zen. SIADECO ikerketa-taldean aritu zen 1989tik 1999ra, alor soziolinguistikoaren arduradun gisa. Galtzaundi Euskara Taldearen sortzaileetako bat da, taldeko partaidea, eta 2019tik 2023ra lehendakaria. Tolosako Laskorain Ikastolako Lehendakari ere izan zen 2007tik 2010era.

Bere ibilbidean, ikerketa, dibulgazioa, kultura, umorea eta komunikazioa uztartu ditu. ETBko hainbat saiotan aritu da gidoilari, aurkezle eta zuzendari, eta Euskararen Aholku Batzordeko kide izan da urte luzez. 2019tik 2023ra Euskaltzaleen Topagunearen lehendakaria eta Euskaraldiaren sustatzaile eta Batzorde zientifikoko kidea izan da. Era berean, soziolinguistikari buruzko hainbat artikulu argitaratu ditu liburu eta aldizkari espezializatuetan eta prentsan, eta hitzaldi eta ponentzia ugari eman ditu.

Ikasleak euskara ikastetik euskal hiztun aktibo izatera igarotzeko erronkari helduko dio jardunaldietako hitzaldian, familien eta aisialdiaren garrantzia azpimarratuz. Hezkuntza formalaren, ez-formalaren eta informalaren arteko loturak indartzeko aukerak aztertuko ditu, ikastetxeek familiekin eta herriko kirol-, kultura- eta aisialdi-eragileekin elkarlanean zer egin dezaketen ardatz hartuta. Horrez gain, beste esperientzia batzuetako adibideak partekatuko ditu, euskararen ezagutza eguneroko erabilera bihurtzeko bideak erakusteko.

 

Anna Forés Miravalles

Anna Forés Miravalles

Bartzelonako Unibertsitateko irakasle eta ikertzailea

Hitzaldia

Errealitate demografiko berriak: harrera eta murgiltze estrategiak.

Anna Forés Filosofian eta Hezkuntza Zientzietan doktorea da, eta Pedagogian lizentziatua Bartzelonako Unibertsitatean. Hezkuntzan aditua da, bereziki neurohezkuntzaren eta erresilientziaren eremuetan.

Bartzelonako Unibertsitateko Neurohezkuntza Katedrako eta Neurohezkuntza Aurreratuko Masterreko zuzendaria da. Programa horrek Malapeira saria jaso zuen 2019an. Bartzelonako Unibertsitateko Didaktika eta Hezkuntza Antolamenduko Departamentuko irakaslea da, eta kudeaketa eta zuzendaritza akademikoko hainbat ardura bete ditu.

Hezkuntza ikerketa eta berrikuntzako hainbat taldetan parte hartu du, eta irakasle, ikertzaile eta dibulgatzaile gisa ibilbide luzea egin du. Bere lanetan, neurohezkuntza, erresilientzia, hezkuntza-berrikuntza eta gizarte-errealitate berriei erantzuteko gai izango den hezkuntzaren eraikuntza lantzen ditu.

Hitzaldian, etorri berrien harrera-prozesuak ikuspegi psikosozialetik aztertuko ditu, inklusio linguistiko-kulturala eta akademikoa ardatz hartuta. Bereziki, ikasleen ongizateak hizkuntzaren ikaskuntzan eta inklusio-prozesuetan duen garrantzia landuko du, ongizatea funtsezko baldintza baita ikasle etorri berriek hizkuntza eta kultura berriarekiko atxikimendua garatzeko.

 

Vicent Climent-Ferrando

Vicent Climent-Ferrando

Pompeu Fabra Unibertsitateko ikertzailea eta irakaslea

Hitzaldia — Anna Forésekin batera

Errealitate demografiko berriak: harrera eta murgiltze estrategiak.

Vicent Climent-Ferrando Zientzia Politikoetan doktorea da Pompeu Fabra Unibertsitatean (UPF), eta diziplina berean lizentziatua. Zientzia politiko eta soziolinguistikoan aditua da, bereziki hizkuntza-politiken, eleaniztasunaren kudeaketaren eta diskurtsoaren azterketa kritikoaren arloetan.

Eleaniztasunerako Hizkuntza Politiken UNESCO Katedran ikertzaile gisa lan egin du, eta gaur egun UPFko Itzulpengintzako (GEDIT) Grup d 'Estudis del Discurs i taldeko kidea da. Hainbat erantzukizun izan ditu politika publikoetako eta hezkuntzako proiektuen kudeaketan.

Nazioarteko hainbat ikerketa-taldetan parte hartu du, eta irakasle, ikertzaile eta dibulgatzaile gisa ibilbide sendoa egin du. Bere lanetan hainbat gai jorratzen ditu, hala nola migrazio-fluxuak, etorkinen integrazioa, hizkuntza gutxituen ikaskuntza aniztasun-testuinguruetan eta Europar Batasuneko errealitate berriei erantzuteko gai izango den gizarte-kohesioko eredua eraikitzea.

Bere hitzaldian, hizkuntza gutxituen ikaskuntzan eta erabileran sakonduko du, hizkuntza-aniztasuneko testuinguruetan. Berariaz, hizkuntza gutxituak gizarte-kohesioaren aldeko funtsezko tresna gisa hartzeko eta erabiltzeko prozesuak aztertuko ditu.

 

Letizia Garcia Fernandez

Letizia Garcia Fernandez

HUHEZIko ikertzailea, Mondragon Unibertsitatea

Hitzaldia

Nola landu gaitasuna eta atxikimendua erabilera helburu izanik.

Letizia Garcia Fernandezek euskal soziolinguistikaren eta hezkuntzaren esparruan garatu du bere ibilbide akademikoa. Bereziki soziolinguistika aplikatua, etorkizuneko irakasleen hiztun-profilak eta euskararen erabilera normalizatzeko eremuak ditu aztergai.

Hezkuntzan doktore da. Bere doktorego-tesian Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultatera (HUHEZI) hezkuntza graduak ikastera datozen irakaslegaien sarrerako eta irteerako hiztun-profilak aztertu eta ezaugarritu ditu; eta, identifikatutako erronkei erantzuteko eragin-eremuen proposamena egin du. Gaur egun, HUHEZI-ko irakasle eta ikertzailea da, eta Kultura, sormena eta komunikazioa ikerketa-taldeko kidea da. Hainbat ikerketa-proiektutan parte hartu du, eta bere lanek unibertsitate-testuinguruan euskararen erabilera indartzea dute jomugan; horretarako kontzientzia soziolinguistikoa pizteko, pertsonalizazio estrategiak garatzeko eta etorkizuneko irakasleek gizarte ekosistema berriei erantzuteko izan beharreko hizkuntza-profiletan eragiteko estrategien azterketan dihardu. Hitzaldian, hizkuntzaren ikaskuntza-prozesuan funtsezkoak diren hiru ardatzak aztertuko ditu: gaitasuna, atxikimendua eta erabilera. Berariaz, hiru ardatzen arteko elkarreragina landuko ditu, hizkuntzaren ezagutza garatzeko, hizkuntza eta kulturarekiko pertenentzia eta lotura afektiboa sendotzeko eta eguneroko komunikazio- egoeretan hizkuntzaren erabilera sustatzeko.

 

Siwan Jones

Siwan Jones

Galeseko hezkuntza eta hizkuntza-politikaren arduradun nagusietako bat da.

Hitzaldia

ESPERIENTZIA: Hizkuntza gutxitu baten biziberritzea: ikaskuntzatik eguneroko erabilerara arteko estrategia integrala (Galeseko kasua).

Galeseko Gobernuko goi-funtzionario gisa, Hezkuntzako Galesaren Plan Estrategikoen (WESPs) diseinua eta ezarpena zuzentzen ditu, herrialdeko eskola-eredua eraldatzeko funtsezko tresnak direnak.

Bere kudeaketa ezinbestekoa da Cymraeg 2050 estrategia nazionalaren barruan, zeinak 2050erako milioi bat galesdun lortzea baitu helburu. Jonesen lana hizkuntza-biziberritzerako kritikoenak diren arloetan zentratzen da: haur-hezkuntzan (Early Years), ikasgeletako murgiltze-ereduan eta hizkuntzaren erabilera familia- nahiz komunitate-ingurunean indartzean. Bere esperientzia teknikoagatik, aditu gisa agertzen da aldizka Galeseko Parlamentuan (Senedd), sistema elebidunaren aurrerapenak eta arau-esparrua ikuskatzeko.

Hitzaldian, hizkuntza gutxitu baten (Galeseko kasua) ikaskuntza eta erabilera sustatzeko garatutako estrategia integrala (Cymraeg 2050) aurkeztuko du. Horretarako, indarrean dagoen lege-esparrua eta erreferentzia-markoa aztertuko ditu, bai eta estrategia hori hezkuntza formalaren bidez —murgiltze-ereduaren bitartez— eta hezkuntza ez-formalaren eta informalaren esparruetan —tokiko eragileen eta erakundeen inplikazioaren bidez— garatzeko mekanismoak ere. Azkenik, estrategia horren aplikazioaren adibide eta esperientzia zehatzak aurkeztuko ditu.