Skip to main content
Elia irudiaItzulpen automatikoa

Denek bat egin dute Senperen, Frantziako estatuaren "suntsitze politikari" aurre egiteko

Erik Etxartek heldu den ikasturterako irakasle postu berririk eza salatu du, eta Azterketak Euskaraz kolektiboak ekainaren 6an Bordelen egingo den elkarretaratze handira deitu du

Herri Urrats 2026 jaia, "Geroa eraikiz" lelopean, euskal hezkuntza sarearen aurkako "haize txarrak" salatzeko plataforma bilakatu da. Ekitaldi nagusian, Seaskako lehendakari Erik Etxartek eta Azterketak Euskaraz kolektiboko Maite Duboisek, bai eta aurten Baxoa egingo duten bi ikaslek ere, diskurtso bateratua eta irmoa eskaini dute, Parisko Hezkuntza Ministerioaren inmobilismoaren aurrean.

Herri Urrats jaiaren ekitaldi nagusian, Erik Etxartek, Seaskako lehendakariak, Ipar Euskal Herriko ikastolen egoera kritikoa deskribatu du. Etxarteren diskurtsoak bi ardatz nagusi izan ditu: baliabide falta kezkagarria eta Baxoko azterketetan euskararen aurka ezarritako debeku berriak.

Baliabide falta eta saturazioa ikasgeletan 

Frantziako Hezkuntza Ministerioak jakinarazi du 2026-2027 ikasturterako ez duela irakasle postu berri bat bera ere ukanen Seaskak. Erabaki honek, Etxarteren hitzetan, "XX. mende hastapenean hasitako suntsitze politika" gogorarazten du. Ikasle kopuruak gora egiten jarraitzen duen bitartean, irakaslerik ez gehitzeak ikasgelen saturazioa dakar: kolegioetan 33 ikasleko taldeak eta lizeoan 37koak izatera behartu nahi dituzte ikastolak. "Nola erantzun Baionako lizeoaren saturazioari irakasle gehiagorik gabe?", galdetu du lehendakariak.

Donapaleu: komunitatearen erantzuna 

Egoera honen aurrean, Seaskak "Geroa eraikiz" lelopean Donapaleuko lizeo berriaren eraikuntza azpimarratu du. Herri ekimenari esker altxatuko da baxe-nafartar eta zuberotar ikasleendako aterpe izanen den eraikina. Jaian bildutako dirua proiektu estrategiko honetara bideratuko da, euskal hezkuntza sarearen garapena eta biziraupena bermatzeko.

Baxoa euskaraz: eskubideen aldeko desobedientzia 

Baxoko azterketak euskaraz egiteko eskubidea berriz ere jomugan dagoela ere aipatu du Etxartek. Horren harira, Azterketak Euskaraz taldekoak eta mobilizatzen ari diren, guraso, irakasle eta ikasleak izan ditu gogoan eta eskerrak eman dizkie egiten ari diren lanarekin. “Bereziki ikasleekin dugu bihotza” esan du, “hauek dutelako erabaki, paper zuriaren aitzinean euskaraz ariko direla, zigorraren mehatxupean, zigorrik gabeko gero hobe baten eraikitzeko”.

Hain zuzen ere, bai ikasleek eta baita Azterketak Euskaraz dinamikak (irakasle eta gurasoek osatua) hitza hartu dute gaurko ekitaldian. Lehenek euren eta euskararen eskubideak defendatuz, eta zigortuak izan daitezkeen arren, eutsi egin diete aste honetan adierazitakoari: matematikako proba euskaraz pasako dute.

Maite Duboisek, Azterketak Euskaraz kolektiboaren izenean, gurasoen eta ikasleen haserrea adierazi du. Salatu duenez, Bordeleko errektoreak emandako hitza jan du: "Urte bat berantago, konfirmatzen dizuegu ez dela deus aitzinatu; gaitzeko gibelatze bat izan da". Egoera honen aurrean, Bernat Etxepare lizeoko ikasleek matematikako etsamina euskaraz pasatzea erabaki dute, zigorra jasotzeko arriskua onartuz. Kolektiboak sustengu osoa adierazi die gazte hauei eta gizarteari dei egin dio "isiltasun mespretxagarriari" amaiera emateko.

Mobilizaziorako deia

Duboisek eta Etxartek ekintzara igarotzeko garaia dela azpimarratu dute. Kolektiboak dagoeneko 15.000 mezu baino gehiago bidali dizkio Hezkunde Nazionalari eta 37 herriko etxek babes mozioak onartu dituzte. 500dik gora hautetsik eta Ipar Euskal Herriko auzapezen erdiek ere babesa adierazi diete.  Borroka honen hurrengo hitzordu nagusia ekainaren 6an izanen da, Bordeleko errektoretzaren aitzinean egingo den manifestazio "aldarrikatzaile eta zaratatsua".

"Zaindu dezagun maite dugun hori", amaitu du Etxartek, Euskal Herriko hautetsi eta herritarrei ahotsa altxatzeko eskatuz.
 

Azken albisteak

15 herritan egindako mobilizazioek ehunka familia, irakasle, ikasle eta herritar bildu dituzte Hezkuntza Departamentuaren erabaki arbitrarioak salatzeko
Nekane Artola eta Oier Sanjurjoren iritzi artikulua