Skip to main content
Elia irudiaItzulpen automatikoa

Nafarroako ikastolek "ikasgelak kalera" eta “ikastolak herrira” atera dituzte murrizketen aurka

15 herritan egindako mobilizazioek ehunka familia, irakasle, ikasle eta herritar bildu dituzte Hezkuntza Departamentuaren erabaki arbitrarioak salatzeko

Nafarroako Ikastolek erantzun irmoa eta deigarria eman diote Hezkuntza Departamentuak itunak murrizteko hartutako erabakiari. "Ikasgelak kalera, Ikastolak herrira" ekimenaren bidez, foru komunitateko 15 herritan ikasgelak plazetara atera dituzte, hezkuntza-eredu propioaren eta euskararen defentsan, eta ikastolak herritik sortuak eta herriarentzat lanean ari direla berriz ere agerian uzteko.

Sakanatik Baztanera, Beratik eta Bortzirietatik Hegoaldera eta Erriberara, Zangozatik Iruñerrira, Lizarratik Tafallara, ikastolen komunitatea (ikasleak, gurasoak, irakasleak eta langileak) kalera irten da oinarrizko mezu batekin: ez dugu onartuko Nafarroako hezkuntzan eta gure seme-alaben etorkizunean atzerapausorik ematea. Ikastolen komunitateak salatu duenez, itunak kentzeko erabakia "arbitrarioa" izan da, eta hartutako erabakian atzera egiteko exijitu diote Carlos Gimeno kontseilariari.

Mobilizazioek Nafarroako ikastolen sarea osatzen duten herri guztietako komunitatearen indarra eta kohesioa erakutsi dute. Ikastolek, kalera ateratako ikasgelen bitartez, argi utzi dute ez dutela onartzen seme-alaben etorkizunean eta Nafarroako hezkuntzan atzerapausorik, eta ez dutela onartuko euskarari gelak murrizteko bideak zabaltzea.

Gaur irakurritako mezuan azpimarratu dute ikastolak herritik sortuak eta herriarentzat lanean ari direla lehen egunetik, eta elkarrizketarik gabe, irizpideak bat-batean aldatuz hartu diren erabakiak ez dituztela onartuko. Halaber, berdintasuna eskatu dute sare guztientzat, eta auzolanean eraikitako komunitateari bizkar ematea ez dela bidezkoa adierazi dute.

Ikastolek berretsi dute mobilizatzen jarraituko dutela Hezkuntza Departamentuak erabaki arbitrarioa atzera bota arte. Nafarroa euskaraz josteko eta hezkuntza-sare herrikoia defendatzeko konpromisoa agerian utzi dute, eta gizarte osoari dei egin diote euskararen eta ikastolen defentsan bat egitera.

Nafarroako Ikastolek eskerrak eman dizkiete mobilizazioetan parte hartu duten familiei, ikasleei, langileei eta herritarrei, eta nabarmendu dute gaurkoa ez dela amaiera, baizik eta euskarazko hezkuntzaren eta ikastolen aldeko bide jarraitu baten beste urrats bat.
 

Azken albisteak

Nekane Artola eta Oier Sanjurjoren iritzi artikulua
Euskal Herriko ikastoletako ikasleek JUUL Kanpainako hauteskunde literarioen eguna ospatu dute, apirilaren 23an, Liburuaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez