Nafarroako bizitza publikoko arlo desberdinetako ehunka pertsona ezagunek eta eragilek sinatu dute "Lodosako Adierazpena". Dokumentu honen bidez, Hezkuntza Departamentuak hartutako erabaki "arbitrarioa" gogor salatzen da, besteak beste, Ibaialde Ikastolako gelak ixtea eta itun pedagogikoak aldatzea baitakar, proiektuaren bideragarritasuna arriskuan jarriz.
Auzolanean eraikitako 40 urteko ametsa
Ibaialde Ikastolak 40 urte daramatza Erriberan euskara eta nafar kultura arnasberritzen. Hamar herritako guraso eta ameslariek auzolanean eraikitako proiektua da, herritik eta herriarentzat sortua. Orain, ordea, "joko arauak partidaren erdian" aldatu dizkiotela salatu dute, landa-eremuko eskolen araudia aplikatzeari utzi baitiote inolako arrazoi teknikorik gabe.
Baina Ibaialde ez da arriskuan dagoen ikastola bakarra. Izan ere, Nafarroako 15 ikastoletatik zortziri itunak kendu edota gela berriak irekitzeko aukera ebatsi die Nafarroako Hezkuntza Departamentuak. Horregatik, Lodosako Adierazpenak Ibaialde eta beste hamalau ikastolak hartzen ditu bere baitan.
Babes zabala eta hurrengo urratsak
Lodosako Adierazpena sinatu dutenen artean, kultura, kirola, gizarte eragile, hedabide, hezkuntza, herri mugimendu eta beste hainbat arlotako norbanako eta talde ugari daude. Guztiek bat egiten dute eskaera nagusi batekin: nafarrek ikastolan ikasteko duten eskubidea bermatzea eta Hezkuntza Departamentuak bere erabakian atzera egitea.
Bide horretan, Nafarroako 15 ikastolek dei egin dute etzi, maiatzaren 6an, egingo den mobilizaziora: ikasgelak plazetara aterako dituzte, ikastolen sarea Nafarroa euskaraz josten duen ezinbesteko indarra dela aldarrikatzeko.