Entzunezko ipuinak, album ilustratuak eta hezkuntza‑proiektu oso bat lotzen dituen egitasmoa da Lula Otsoa, Euskal Herriko zein Euroeskualdeko eragileen arteko elkarlan zabalari esker gauzatzen ari dena. Haurrentzako entzunezko ipuinetatik abiatu, eta gaur egun liburu-bilduma baten bidez ere garatzen ari den egitasmoa da. Bilboko Urretxindorra ikastolan egindako agerraldian egin da proiektu osoaren aurkezpena, eta bertan izan dira egitasmo honetan parte hartzen ari diren egile, lan talde eta eragileak.
Proiektuaren sorburua audioa da, ULU MEDIA, Sudurgorri Studio eta Gure Irratiaren elkarlanetik sortua: istorioek haurren entzumena eta irudimena pizten dituzte, ahotsen, soinu-giroen eta erritmo narratiboaren bidez unibertso propioak sortuz. Euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta okzitanieraz ekoitzitako audioseriea da eta 50 ahotsen partaidetza izan du.
Liburu bildumak –Ikastolek ekoitzi dute–, berriz, esperientzia hori osatu eta aberasten du. Entzundakoa irakurketarekin uztartzeko aukera ematen dute, haurrek istorioak berrinterpretatu, irudikatu eta sormenetik berreraiki ditzaten. Horrela, Lula Otsoa-k entzutea, irakurtzea eta sortzea lotzen dituen proposamen integrala eskaintzen du.
Entzun, irakurri eta bizi daitezkeen istorioak
Goizean goiz, ikasleentzako ipuin‑kontaketa saio berezi batekin hasi da eguna, Dorleta Kortazarrek gidatuta, eta ondoren prentsaurrekoa egin da, proiektuaren ikuspegi artistiko, hezitzaile eta territoriala azaltzeko. Lula Otsoa entzunezko ipuin‑serie batean oinarritzen da, eta gaur egun liburu‑bilduma baten bidez ere garatzen ari da; horrela, haurrak istorio bera entzunez, irakurriz eta irudiz berreraikiz murgiltzen dira Lula eta bere lagunen unibertsoan.
Ikastolen Elkartearen izenean, ikastolek euskararekin eta euskal kulturarekin duten konpromisoa azpimarratu du Nekane Artola lehendakariak: Lula Otsoa ez dela jarduera osagarri hutsa, baizik eta euskaraz eta euskal iruditeriatik eraikitako hezkuntza‑proiektu baten parte osoa. Ikastolek gogorarazi dute herri ekimenetik sortutako hezkuntza sareak kultur sorkuntzarekin eta ekoizpenarekin egin behar duen lotura estua, eta Lula bezalako proiektuek ikasleen egunerokoan euskarazko irakurketa, entzuketa eta sormena uztartzeko aukera bikaina eskaintzen dutela.
Euroeskualdeko ikuspegia eta lau hizkuntzatan egindako erronka
Euroeskualdearen izenean, Marie Heguyk azpimarratu du Lula Otsoa bezalako egitasmoek erakusten dutela zein garrantzitsua den lurralde ezberdinetako eragileen arteko elkarlana: Ipar Euskal Herria, Hegoaldea eta Okzitania lotzen dituen sare kultural eta hezitzaile baten baitan kokatzen dela proiektua. Haren esanetan, mugaz gaindiko elkarlan horri esker, hizkuntza eta kultura aniztasuna ez da oztopo, baizik eta indargune, eta haurrek txikitatik bizi dute errealitate hori ipuinen eta ahotsen bidez.
Gure Irratiko Olatz Idoatek proiektu hau lau hizkuntzatan —euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta okzitanieraz— gauzatzeak ekarri duen erronkaz hitz egin du, eta bereziki nabarmendu du jatorrizko ekoizpena euskaraz egin dela. Euskaren aldaera ezberdinak kontuan hartu direla azaldu du, eta Iparraldeko euskarak eta ahotsek zentralitate berezia dutela, entzuleentzat gertuko eta benetako mundu bat sortzeko asmoz. Horri esker, euskara ardatz duen fikzio bat da, beste hizkuntzetara zabaldu dena, eta ez alderantziz.
Ahotsen gaineko interpretazioa eta gidoiaren atzean dagoen lana
Aktoreek —Amaia Hennebuttek eta Kepa Errastik, besteak beste— soilik entzuteko den fikzio bat grabatzeak dakarren lan bereziaren berri eman dute. Azaldu dute oraingoan interpretazio guztia ahotsean bildu behar izan dutela: keinuak eta begiradak mikrofonoaren beste aldean ezkutuan geratzen diren bitartean, tonuak, isiluneek, arnasek eta erritmoak kontatu behar dutela dena. Aurretik ere soinu‑fikzioetan aritutakoak izanda, nabarmendu dute Lula Otsoak aukera eman diela haurren entzute aktiboa eta irudimena lehen planoan jartzen duen formatuarekin sakontzeko.
Xabier Etxeberria gidoilariak, berriz, istorioen atzean egon den idazketa‑prozesua azaldu du: mendian galdutako otso txiki baten abenturatik abiatuta, adiskidetasuna, beldurra, konfiantza eta elkar zaintza bezalako gaiak lantzen dituzten istorioak ehundu dituztela, haurren eguneroko kezkekin eta emozioekin lotuta. Kontatu dute nola pentsatu dituzten pertsonaien ahotsak eta hizkerak, euskara batuaren eta euskalkien artean zubi eginez, eta nola moldatu duten kontakizuna entzunezko formatura, kapitulu bakoitzak bere zirkulu narratiboa izan dezan eta, aldi berean, bilduma osoa ipuin bakar luze baten moduan irakurri eta entzun ahal izan dadin.
Album ilustratuak: irudien bidez istorioa berriz bizitzea
Album ilustratuen atalean, Aritz Trueba ilustratzaileak azaldu du liburuek entzundako istorioa berriz bizitzeko ate berri bat irekitzen dutela: ez direla egokitzapen soilak, baizik eta istorio beraren beste adierazpide bat. Haren hitzetan, ilustrazioek ez dute irudi “eder” hutsa eskaini nahi; ipuin‑kontaketaren parte dira, pertsonaien emozioak eta abenturen une gakoak transmititzen laguntzen dute, eta haurrak irudimena martxan jartzera gonbidatzen dituzte.
Truebak azaldu du nola bilatu duen Lula pertsonaia ikoniko eta sinple bat izatea, beste otsoen artean bereizten dena eta umeek erraz marrazteko modukoa, eta nola landu duen orrialdeen arteko konposizioa, bi orrialdeek banaka funtzionatu, baina elkarrekin istorioa zabaldu dezaten. Tratamendu piktoriko digitala erabili du, baina eskuz egindako sentsazioa emateko moduan, tinta‑lerroak eta akuarela giroko koloreak baliatuz; tonu hotzagoak erabili ditu Lularen bakardade‑uneetan, eta kolore alaiagoak lagunak agertzen diren heinean, emozioen bilakaera irudiz kontatuz. Albumaren sorkuntza‑prozesua elkarlaneko esperientzia bizia izan dela nabarmendu du, gidoilariekin batera istorioa aberastuz.
Hezkuntza‑ eta kultura‑sare baten emaitza
Prentsaurrekoan zehar, eragile guztiek azpimarratu dute Lula Otsoa ez dela proiektu isolatu bat, baizik eta hezkuntza, kultura eta lurralde‑garapena uztartzen dituen sare baten emaitza: ULU MEDIA, Gure Irratia, Euroeskualdea, Ikastolak, sortzaile eta aktoreak, ilustratzaileak eta hezkuntza‑komunitatea norabide berean lanean.
Helburua argia da: haurrek euskaraz entzun, irakurri eta sortu dezaten, eta, bide horretan, euskal kulturak eta euskalkien aniztasunak eskaintzen dituzten istorioek haien egunerokotasuna aberastu dezaten.
Sinopsia:
Lula otso txiki bat da, mendietan galdu dena, bere taldetik eta familiarengandik bereizita. Ezin du mendiko portuen beste aldean dagoen familiarekin bildu, eta udaberrira arte bizitoki berri bat topatu behar du. Jakintsu Zaharra izeneko haritzak eskaintzen dio babesa. Bertan lagun berriak egingo ditu: Ahuntza, Lepahoria eta Perruketa. Elkarri ipuinak kontatuz pasako dute negua.
Pertsonaia nagusiak:
● Lula: Lula otsemea da audioseriearen protagonista. Euskarazko Soinu-fikzioan Maryse Urrutyk interpretatzen du.
● Bizar: Berehala otsoaren lagunmina egingo den ahuntz burugogorra eta ausarta. Euskarazko soinu-fikzioan Eva Azpilikuetak interpretatzen du.
● Marta: Lepahori beldurtia da, zalantzaz betea eta beti ehiztariak etorriko diren beldurrez bizi dena. Euskarazko soinu-fikzioan Kepa Errastik interpretatzen du.
● Perru: Perikito bitxia, oso hizlaria eta dibertigarria da. Euskarazko soinu-fikzioan Maika Etxekoparrek interpretatzen du.
● Jakintsu Zaharra: Zuhaitz handi eta abegikorra da. Negu asko eta asko bizi izan da basoan eta istorio asko dakizki. Euskarazko soinu-fikzioan Amaia Hennebuttek interpretatzen du.
Soinu banda originala: Maite Larburu.
Aktore zuzendaria: Iker Bengotxea.
Artea: Aritz Trueba.
Gidoia: Vanesa Rodríguez, Oier Aranzabal, Martin Etxeberria eta Xabier Etxeberria.
Soinu-diseinua: Marina Pérez eta Oier Aranzabal.
Ekoizpena
Audio ipuinak: ULU MEDIA, Sudurgorri Studio eta Gure Irratia
Album bilduma: Ikastolen Elkartea