Skip to main content
Elia irudiaItzulpen automatikoa

Laku bat orroka euskararen eta ikastolen alde

Denek bat egin dute Senperen, traba guztien gainetik, Euskal Herria euskaraz josten duen komunitatea indartzen jarraitzeko

Herri Urrats jaiak berriz ere agerian utzi du ikastolen eta euskararen aldeko gizarte babesa bizirik eta indartsu dagoela. Milaka lagun bildu dira Senpereko aintziraren inguruan, euskal hezkuntza sareari sostengua emateko eta etorkizunari elkarlanean heltzeko.

“Geroa eraikiz” lelopean, aurten ere jaia ez ezik, aldarrikapenerako eta elkartasunerako gunea izan da Herri Urrats. Seaskako ordezkariek eta Azterketak Euskaraz dinamikako kideek, bai eta aurten Baxoa egingo duten ikasleen ordezkariek ere, gogorarazi dute euskaraz hezteko eta azterketak euskaraz egiteko eskubidea bermatzea ezinbestekoa dela, eta horretarako erakundeen konpromiso argia behar dela.

Seaskak salatu duenez, baliabide faltak eta ikasgeletako saturazioak kezka handia sortzen dute Ipar Euskal Herriko ikastoletan. Testuinguru horretan, Donapaleuko lizeo berriaren eraikuntza estrategikotzat jo dute, herri ekimenaren indarrari esker aurrera doan proiektua baita, baxe-nafartar eta zuberotar ikasleei erantzun egokia emateko.

Baxoa euskaraz

Halaber, Azterketak Euskaraz dinamikak berriro eskatu du Baxoa euskaraz egiteko aukera osorik bermatzea. Kolektiboak nabarmendu du ikasleen, familien eta irakasleen ahalegina ezin dela oztopatu, eta euskararen erabilera hezkuntza sisteman normaltasunez aitortu behar dela.

Aurten Baxoa pasako duten ikasleen izenean hitz egin duten Bernat Etxepare Lizeoko bi ikaslek, berriz, berretsi egin dute aste honetan hartu duten desobedientzia erabakia: euskaraz egingo dute Baxoaren matematika etsamina.

Egoera hau dela, gizarte zibilari eta hautetsiei ere deia egin diete, ekainaren 6an Bordelen egingo den manifestazioan parte hartzera. Bada garaia Parisek entzun dezan bere seme-alaben etorkizunari eta hizkuntzaren duintasunari uko egiteko prest ez dagoen herri baten aldarria.

Jendetza lakuaren inguruan

Guztiarekin, komunitatearen erantzuna nabarmena izan da Herri Urratsen: euskararen aldeko mezuek, babes adierazpenek eta auzolanaren espirituak egun osoa markatu dute. Goizeko eguraldi onarekin, jendetza hurbildu da Senpereko aintziraren ingurua, ikastolei eta euskarari sostengua ematera, bai eta, “azterketak euskaraz” orro egitera. Auzolanean antolatutako ikastolen jaiak, euskal kulturaz gozatzeko aukera paregabea eskaini diete haur, gazte nahiz helduei, egun osoan zehar. Arratsaldeko ekaitzak ere ezin izan du aldarrikapen eta festa giroa zapuztu. Antolatzaileek eskerrak eman dizkiete Senperera etorri diren guztiei, urtebeteko energia eta sostengua jaso dutela azpimarratuz, eta dei egin dute ikastolen aldeko konpromisoa eguneroko ekintzetan ere sendotzera.
 

Azken albisteak

15 herritan egindako mobilizazioek ehunka familia, irakasle, ikasle eta herritar bildu dituzte Hezkuntza Departamentuaren erabaki arbitrarioak salatzeko
Nekane Artola eta Oier Sanjurjoren iritzi artikulua