Azken hilabeteotan egindako mobilizazioen ondorioz, aurrerapauso esanguratsua eman da Baxoa euskaraz egiteko eskubidean. Duela egun batzuk, Frantziako Hezkuntza Ministerioak baieztatu du 2028tik aurrera ikasleek Baxoko proba batzuk euskaraz egiteko aukera izango dutela, bai berezitasuneko azterketan, bai ahozko handian ere neurri batean.
Erabakia baikorra da, eta herri mugimendu zabal baten emaitza. Ikastolen Mugimendutik azpimarratu nahi dugu herritarren, ikasleen, familien eta hezkuntza komunitate osoaren aktibazioak eragin zuzena izan duela: herria mugitu izanak Estatua mugiarazi du.
Bestalde, berehalakoan aurrerapausoak izatea espero du Seaskak. Ekainaren 12an, Etxepare Lizeoko ikasleek Matematikako azterketa euskaraz egingo dute. Jasotako informazioaren arabera, ulertu dugu ikasleen ongizatea eta azterketa euskaraz egiteko eskubidea bermatua izango direla, eta euskaraz egindako probak behar bezala zuzenduko direla. Testuinguru honetan, aurreikusita zeuden mobilizazioak bertan behera uztea erabaki du Seaskak, ekainaren 6an Bordelen egitekoa zen manifestazioa barne. Halere, ekainaren 12an gure ikasleek alboan izango gaituzte, gure sustengua adierazteko.
Ikastolen Mugimendutik, aitortza eta esker ona adierazi nahi diegu mobilizazio hauetan parte hartu duten guztiei: ikasleei, familiei, irakasleei, langileei, hautetsiei eta herritarrei oro har. Bereziki nabarmendu nahi dugu azken asteetan erakutsitako elkarlana eta konpromisoa.
Dena den, argi dugu bidea ez dela hemen amaitzen. Baxoa osorik euskaraz egiteko baldintza guztiak bermatu arte lanean jarraituko dugu. Eskubideak ez dira berez etortzen: lan kolektiboaren eta ekimen partekatuaren emaitza dira.
Euskal Herrian euskaraz ikasteko eta bizitzeko eskubidea defendatzen jarraituko dugu, gure hezkuntza eredutik eta komunitatearen indarretik, Euskal Herria euskaraz josten jarraituko dugu. Urratsez urrats, euskarari dagokion lekua aitortzea lortzen ari gara.
Aurrera Seaska! Aurrera Ikastolak!