Skip to main content
Elia irudiaItzulpen automatikoa

Baxoa euskaraz egiteko eskubidea berehala ezartzeko eskatu dute hezkuntza eragileek

Azaldu dutenez, euskarazko irakaskuntzak geldialdi nabarmena bizi du Ipar Euskal Herrian, eta neurri ausartak behar dira ikasleek hezkuntza ibilbide osoan euskaraz jarraitzeko

Seaskak, Biga Bai elkarteak, Ikas Bi elkarteak eta Euskal Haziak elkarteak elkarrekin egin duten prentsaurrekoan, Baxoko zenbait proba euskaraz egiteko aukera berehala ezartzeko eskatu dute, 2026ko ekainetik aurrera, eta 2027ra itxaron gabe. Eragileek azaldu dutenez, euskarazko irakaskuntzak geldialdi nabarmena bizi du Ipar Euskal Herrian, eta neurri ausartak behar dira ikasleek hezkuntza ibilbide osoan euskaraz jarraitzeko.

Elkarteek ohartarazi dute azken urteetako datuek agerian uzten dutela joera kezkagarria: lehen hezkuntzan ikasle elebidunen kopurua apaldu egin da, eta bigarren hezkuntzan zein lizeoan ere euskarazko eskaintza ez da nahikoa hedatzen. Haien arabera, Hezkuntza Ministerioaren eta erakunde publikoen eginkizuna funtsezkoa da, euskaraz ikasteko bidea ez dadin eten kolegiotik lizeorako jauzian.

Azterketen hizkuntza, giltzarria

Prentsaurrekoan azpimarratu dute azterketen hizkuntza estrategikoa dela ikasleentzat, eta euskaraz aritzeko aukerak debekatzea atzerapausoa dela bai hizkuntza politikan, bai ibilbide elebiduna edo murgiltze eredua hautatu duten ikasleentzat eta irakasleentzat ere. Horregatik, nahi duten ikasleei lehengo Baxoko matematikako proba aitzinatua euskaraz egiteko aukera ematea eskatu dute, esperimentazio gisa bada ere.

Era berean, Ahozko Handiaren zati bat euskaraz egiteko aukera ere aldarrikatu dute, epaimahai elebidunak antolatuz. Elkarteen ustez, neurri horiek ez dira salbuespen hutsak: ikasleen hizkuntza eskubideak bermatzeko eta euskarazko hezkuntzaren jarraitutasuna indartzeko funtsezko pausoak dira.

Eragileen mezua

Seaskak eta gainerako elkarteek gogorarazi dute 2012tik 2019ra bazegoela aukera hori, eta ez dagoela gaur egun debekua justifikatzen duen arrazoi sendorik. Halaber, Bordeleko errektorearekin aurki egingo duten bileran eskaera hauek kontuan hartzea espero dutela adierazi dute, eta Euskal Herriko komunitate osoak eginiko aldarria entzuna izan dadila eskatu dute.
 

Azken albisteak

Ikastolen mugimenduak antolatuta, muga eremuko ikastoletako ikasleek eta ikastolen jaien antolaketan arituko diren gazteek partekatu dituzte egun osoko jarduerak eta hausnarketak.
Segregazioaren eta inklusioaren erronkei erantzun partekatuak bilatzeko prest gaude, behetik gorako, garden eta parte hartzaile den prozesu batean. Bitartean, ikastolek lanean jarraituko dugu: sarbide unibertsala egikaritzen…
Proiektuaren sorburua audioa da, ULU MEDIA, Sudurgorri Studio eta Gure Irratiaren elkarlanetik sortua. Liburu bilduma, berriz, Ikastolen Elkarteak ekoitzi du. te