Skip to main content
Elia irudiaItzulpen automatikoa

Gazteek euskararen eta ikastolen ertzak jarri dituzte erdigunean Vianako Non eta Mugan topaketan

Martxoaren 27an, Vianak hartu du Non eta Mugan 2026 gazte topaketa, eta 450 gazte inguruk bete dituzte herriko kaleak euskarazko kolore eta ahotsez.

Ikastolen mugimenduak antolatuta, muga eremuko ikastoletako ikasleek eta ikastolen jaien antolaketan arituko diren gazteek partekatu dituzte egun osoko jarduerak eta hausnarketak.

Goizean goiz ekin diote egunak, Foru enparantzan egindako harrerarekin. Han azaldu zaie parte hartzaileei egunaren egitura, eta taldetan banatu dituzte. Ondoren, bi jarduera nagusi txandakatuz aritu dira: talde batek Kike Amonarrizekin solasaldia izan du, euskararen egoeraz, mugaldeko errealitateaz eta ikastolen jaien zentzu historiko eta sozialaz sakontzeko; beste taldeak, bitartean, orientazio‑jolas formatuan antolatutako ibilbide ludiko baten bidez ezagutu du Viana, herriko kaleetan zehar erronka eta galderen bidez osatu beharreko puzzle baten piezak bilduz. Gero, taldeek alderantziz egin dituzte jarduerak, guztiek bi esperientziak bizi ahal izateko. 

Egunak aurrera egin ahala, argi geratu da zein garrantzitsua den ikastolen sarea periferian eta muga eremuetan egiten ari den lana ikusaraztea. Ingurune erdaldunetan eta baldintza sozio‑politiko konplexuetan kokatutako ikastolak sarri euskararen lehen presentzia finkatua dira herri horietan, eta gazteek lehen pertsonan entzun dituzte testigantza eta esperientzia horiek. Halaber, Araba Euskaraz, Nafarroa Oinez, Herri Urrats, Ibilaldia eta Kilometroak bezalako jaien jatorria, bilakaera eta gaur egungo zentzua ezagutzeko aukera izan dute, askorentzat lehen aldiz. 

Bazkalostean, giro ludiko eta parte‑hartzailea nagusitu da: bingo musikatuak eta dinamika ezberdinek batu dituzte San Pedro elizaren inguruan bildu diren gazteak, euskal musika lagun. Arratsaldean, ikuskizun ibiltaria izan da Vianako kaleetan barna: musikaren laguntzaz, hainbat geldialdi egin dira herriko gune ezberdinetan, eta ikasleek eurek prestatutako emanaldiek hartu dute protagonismoa. 

Antolatzaileen esanetan, Non eta Mugan ez da egun bakarreko ekimena, baizik eta etengabeko lan baten mugarri bat. Vianan sortutako harremanek eta partekatu diren ideiek jarraipena izatea dute helburu bai ikastolen eguneroko jardunean, bai ikastolen jaien antolakuntza prozesuetan. Gazteek berretsi dute aisialdian ere euskaraz bizitzeko konpromisoa, eta muga administratibo zein geografikoak gainditzen dituen komunitate zabal baten parte sentitu dira. Non eta mugan ekitaldiak Vianako Udalaren eta Laboral Kitxaren laguntza jaso du.

Azken albisteak

Segregazioaren eta inklusioaren erronkei erantzun partekatuak bilatzeko prest gaude, behetik gorako, garden eta parte hartzaile den prozesu batean. Bitartean, ikastolek lanean jarraituko dugu: sarbide unibertsala egikaritzen…
Proiektuaren sorburua audioa da, ULU MEDIA, Sudurgorri Studio eta Gure Irratiaren elkarlanetik sortua. Liburu bilduma, berriz, Ikastolen Elkarteak ekoitzi du. te
Seaskak jakinarazi du 2026ko irailetik aurrera ARTA–ASSP (pertsonentzako arta eta zerbitzuei loturiko baxo profesionala) sail berria zabalduko dela Baionako Bernat Etxepare Lizeoan.