Skip to main content
Elia irudiaItzulpen automatikoa

Ikastolen Elkarteak ez du jarraituko ‘Eskola Bikaina Denontzat’ prozesuan, honen bilakaera ikusita

Prozesuak ez ditu bermatu benetako eztabaida, eragileen parte hartze erreal eta duina, eta ez die modu serioan heldu segregazioari eta inklusioari buruzko erronka nagusiei

Ikastolen Elkarteak ez du aurrerantzean parte hartuko Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak antolatutako “Eskola Bikaina Denontzat” mahaiaren dinamikan. Hala adierazi diogu Elkarteko ordezkariok Hezkuntza Saileko arduradunei. Gure ustez, prozesuak ez baititu bermatu benetako eztabaida, eragileen parte hartze erreal eta duina, eta ez baitie modu serioan heldu segregazioari eta inklusioari buruzko erronka nagusiei.  Erabaki hau arduraz eta sakontasunez hartua da, azken hilabeteotan mahaian bizitakoak eta Hezkuntza Sailak hartu dituen neurriak aztertu ondoren.

Segregazioaren eta inklusioaren erronkei erantzun partekatuak bilatzeko prest gaude, behetik gorako, garden eta parte hartzaile den prozesu batean. Bitartean, ikastolek lanean jarraituko dugu: sarbide unibertsala egikaritzen, euskalduntzen, inklusioan sakontzen eta gure komunitatearen elkartasuna antolatzen, euskal hezkuntza propio eta bidezko baten alde.

Prozesuaren bilakaerak ez ditu bermatu parte-hartzeko baldintzak

“Eskola Bikaina Denontzat” ez da prozesu parte hartzailea izan. Deitu diren eragileei ez zaizkie eskaini ekarpenak baldintza egokietan egiteko behar diren baliabideak eta epeak. Bileren aurretik ez da banatzen ez landuko den edukiaren inguruko informaziorik, ezta erabiliko den metodologiaren azalpenik ere. Lan-saioetan ez da eztabaida sakona sustatu, azaleko ekarpenak egitera mugatu da dinamika.

Prozesuan zehar, faseak aurrera joan dira erabakiak hartu gabe eta ez dugu jakin eragile bakoitzak zer ekarpen egin duen, ezta nola jaso diren ere: ez da bozkatu, ez da berretsi, eta hala ere, “aurrerapausoak” emantzat jo dira. Edukiaren muinean ere, Hezkuntza Sailak azken bi urteotan hartu dituen neurriak eta erabakiak ez dira zalantzan jarri; saioak neurri horiek berrestera edo horien gaineko azaleko proposamenak egitera bideratu dira. Gure ikuspegitik, gaia serioegia da halako arintasunez eta azaleko lanketarekin tratatzeko: Sailak, erronka garrantzitsu hauei aurre egiteko erantzun partekatuak baino, argazkia bilatu du.

Hori guztia ikusita, Hezkuntza Sailak “Eskola Bikaina Denontzat” prozesua baliatu nahi duela ondorioztatu dugu, Ikastolen Elkarteak berak guztiz ontzat eman ez dituen hezkuntza legea eta matrikulazio prozesuetan hartutako azken neurriak balidatzeko, eragileon arteko adostasuna irudikatuta. 

Erantzun partekatuak lantzeko unea da 

Segregazioaren eta inklusioaren erronkei aurre egiteko, ezinbestekoa da erantzun partekatuak lantzea, herri gisa eta ikuspegi integral batekin. Erronka horiei modu eraginkorrean heltzeko, egungo lanketa- eta eztabaida-esparruen izaera eta funtzionamendua sakonki berrikustea eta eraldatzea beharrezkoa da.

Segregazioa eta inklusioa auzi konplexuak baitira, eta haien lanketak dimentsio anitz hartu behar ditu kontuan: sozioekonomikoak, linguistikoak, lurraldekoak, kulturalak eta bestelakoak. Horregatik, erronka hauei herri gisa erantzun behar zaie, ikuspegi partzial edo mugatuak gaindituta.

Behetik gorako prozesu sendo bat behar da, diagnostikoaren atalak eta adierazleak eragileen artean adostuta, eta edukien lanketarako metodologia egoki batekin. Argazki azkarren ordez, eztabaidaren sakontasuna eta kalitatea lehenetsi behar dira.

Horrez gain, askotariko hezkuntza-eragileen parte hartze erreala bermatzea funtsezkoa da: sare ezberdinetako ikastetxeak, hezkuntza inklusiboan diharduten eragile espezializatuak, komunitate eta gizarte-eragileak, baita gaiarekin lotura estua duten beste sektore batzuk ere. Eragileen proposamenetatik abiatuta, aditu desberdinen ekarpenak jasotzea ere garrantzitsua da, segregazioaren eta inklusioaren inguruko auziak beren konplexutasun osoan lantzeko.

Eragileen parte hartzea baldintza egokietan gauzatzeko, metodologia argiak eta epe egokiak planteatu behar dira, eta lanerako dokumentazioa zein eztabaidarako oinarriak aldez aurretik partekatu. Horrela bakarrik izango dugu eragileek eztabaidan sakontzeko eta ekarpen esanguratsuak egiteko aukera erreala.

Azkenik, prozesuak berak eragileen arteko kohesioa indartu behar du, administrazio ezberdinak eta eragileak konpromiso berrietara lotuz. Helburuak lidergo partekatu eta erantzunkide bat eraikitzea izan behar du, ez soilik irudi edo adierazpen bateratu bat argitaratzea.

Ikastolek, erronka hauei erantzuteko, lanean jarraituko dugu

Ikastolak ez gaude zain. Segregazioari eta inklusioari loturiko erronkei gure balioetatik erantzuten ari gara, eta norabide horretan gure bidea egiten jarraituko dugu, konpromisoz eta erantzukizunez.

Gure hezkuntza eredua balio eta printzipio sendoetan oinarritzen da: sarbide unibertsala, euskalduntzea, inklusioa, herrigintza, parte-hartzea eta elkarlana. Gure helburua argia da: ikasle guztiek, egoera zaurgarrian daudenek zein gainerakoek, beren hezkuntza ibilbidea baldintza duin eta egokietan garatu ahal izatea. Horretarako, beharrezko baliabide ekonomikoak, pertsonalak eta pedagogikoak jartzen jarraituko dugu, gure ahalmenean eta komunitatearen elkartasunean oinarrituta.

Azken urteotan, hainbat neurri konkretu martxan jarri ditugu. Ikastoletan beka-sistema propioak ezartzen ari gara, ikasle guztien sarbide unibertsala bermatzeko. Ikasle batek, bere egoera sozioekonomikoa edo bestelako baldintzak edozein direla ere, gure proiektuan parte hartu ahal izatea ez da printzipio teoriko hutsa, komunitatearen ekarpenaren, elkartasunaren eta antolakuntzaren bidez egunerokoan gauzatzen dugun konpromisoa da.

Inklusioa euskararen eta euskal kulturaren eskutik bultzatzen dugu. Uste baitugu, gure hizkuntza eta kultura direla datozen belaunaldi berrien kohesiorako funtsezko tresnak. Horretarako, euskara errefortzuak eskaintzen ari gara, eta euskal kulturan murgiltzeko ekimen berriak ere martxan jartzen ari gara. Era berean, euskara etxetik ez dakarten ikasleentzat euskalduntze plan berriak garatzen ere ari gara. Murgiltze eredua bera eguneratzen ari gara finean, egungo egoera berrietara egokituta eta euskararen transmisioa eta erabilera bermatzeko indartzeko.

Gure Hezkuntza Marko Orokorraren baitan, metodologia inklusiboak  ere garatzen ari gara —ONKI programa eta beste hainbat ildo—, ikasle bakoitzaren erritmoa eta premia erdigunean jarriz. Horretarako, inklusioa lantzen duten eragileekin elkarlanean ari gara.

Bestalde aurten lehenengo aldiz, Zirimola aisialdi sarearen bidez, zaurgarritasun egoeran dauden haur eta gazteentzat aisialdi eskaintzan beka-sistema propioa martxan jarriko dugu, aisialdian ere euskaraz eta baldintza duinetan parte hartzeko aukera izan dezaten.

Azkenik, konpromiso argia hartu dugu: gure hezkuntza-proiektua hautatu duten familia guztiek gurean jarraitzeko aukera izan dezaten lan egingo dugu. Horretarako, ikastolei laguntza eta babes osoa emango diegu behar duten guztian, bai barne-antolaketan, bai elkartasun-tresnen bidez ere.

Euskal Herriko Ikastolen Artezkaritza Kontseilua
 

 

 

Azken albisteak

Proiektuaren sorburua audioa da, ULU MEDIA, Sudurgorri Studio eta Gure Irratiaren elkarlanetik sortua. Liburu bilduma, berriz, Ikastolen Elkarteak ekoitzi du. te
Seaskak jakinarazi du 2026ko irailetik aurrera ARTA–ASSP (pertsonentzako arta eta zerbitzuei loturiko baxo profesionala) sail berria zabalduko dela Baionako Bernat Etxepare Lizeoan.
Bi kooperatiben arteko akordioak telekomunikazio zerbitzuen kudeaketa arduratsua, gardena eta euskal herritarren esku egongo den eredua indartu nahi du