Skip to main content
Elia irudiaItzulpen automatikoa

Baxoa Euskaraz : manifestazioa, Baionan, urtarrilaren 24ean

Aurten ere baxoa euskaraz iragaterik ez dute izango gure ikasleek. Frantziako Hezkuntza Ministerioak beste urtebetez atzeratu du, gutxienez, aukera hori

Aurten ere baxoa euskaraz iragaterik ez dute izango gure ikasleek. Frantziako Hezkuntza Ministerioak beste urtebetez atzeratu du, gutxienez, aukera hori. Gure ustez,  aurten bertan ere ezar daiteke baxoa euskaraz egin ahal izateko aukera, azterketak zuzentzeko aski irakasle euskaldun bai baitira. Horregatik, manifestaziora deitu dugu, urtarrilaren 24rako, Baionan, arratsaldeko 3etan. 
Hauxe da Seaskak egiten duen irakurketa eta manifestaziorako deia:
Hautetsiak eta Euskararen Erakunde Publikoko ordezkariak baikor itzuli dira Pariseko bilkuratik. Blanquer ministroaren Baxoko erreforma, hizkuntz gutiagotuak kontutan hartu gabe egin zela aitortu omen du Edouard Geffray Frantziako Hezkuntza ministroak. Baxoan, hizkuntza gutiagotuak kontutan hartuko dituen aldaketak aztertzeko prest agertu omen da. Baina aldaketak, izatekotan, 2027 urtean egiteko mentura litzateke.
Hitz ederrez haratago, ekintzak behar ditugu eta berehala ! Azken bi urtetan 7 Hezkuntza ministro izan dira. Frantziako egoera politiko ezegonkorra ikusirik, nork daki noiz arte iraunen duen gaur egungo Hezkuntza ministroak ? Elisabeth Bornek ere aldaketak egiteko borondatea ba omen zuen joan den irailean, baina deus egiteko astirik izan gabe, lekutu zuten.
Ministroak eta errektoreak adierazi duten bezala, aitzinapausoak emateko borondate ona baldin badute, ekainean gutienez Matematikako azterketa berria euskaraz egin dadin posible egin behar dute. Matematikako azterketaren aginduak ez du azterketaren hizkuntza zein den zehazten, beraz ez da lege edo erreglamendu aldaketarik egin beharrik. Aski da zuzentzaileak elebidunak izan daitezen segurtatzea. Errektoreak eta EEPk, hiru sareetan lanean ari diren matematikako irakasle euskaldunen zerrenda badute. Brebetarendako egiten duten bezala, aski da zuzentzaile elebidunak konbokatzea.
Euskaltzaleak, familiak, herritarrak eta hautetsiak heien desadostasuna adieraztera gomitatzen ditugu, heldu den larunbatean, urtarrilaren 24an.
Azken asteetan euskara eta euskal kulturaren kontrako erasoak etengabeak dira : EEPren aurrekontua mugatzea, Euskal Kultur Erakundearen aurrekontua murriztea, auzitegietan euskaraz mintzatzeko debekua, euskal hedabideen finantzamendu murrizketaren mehatxuak, prefetak Ipar Euskal Herriko hautetsiei bidali gutuna. Euskarari Trabarik Ez !
Badakigu manifestaldi bat 10 eguneko epean antolatzea arriskugarri dela. Baina euskarak aitzina egitea nahi badugu, halako hitzorduak ezin dira hutsegin, eta denen ahalegina ezinbestekoa da.
Manifestaldia
Urtarrilaren 24an, larunbatez
Arratsaldeko 15:00etan 
Xaho Kaian, Baionan
Hitza hitz. Baxoa euskaraz.
 

Azken albisteak

Gonbidapena zabaldua da ikastolen sareko guraso, irakasle, langile, ikasle ohi eta lagun guztiei, baita euskararen aldeko konpromisoa duten herritar guztiei ere
Ikastolen mugimenduak zazpi ikastola eta proiektu lagundu ditu Elkartasun Kutxaren bitartez. Ikastolen Elkartearen Batzar Nagusia ere egin dugu, eta aurrekontuak eta ikasturteko kudeaketa plana onartu ditugu
Arrakastaz ospatu ditugu Jardunaldi Pedagogikoak. Arrakastaz, Euskal Herri luze zabaletik etorritako ia 600 lagun, ikastoletako eta ikastoletatik haragoko hezkuntza profesional, bildu baitira Donostiako Kursaalen, eta…